Asuncion klinika

Hiru greba egun gehiago deitu dituzte azarorako

Ataria 2023ko aza. 8a, 19:57

Asuncion klinikako langileek greba egunak deitu dituzte hilaren 15, 22 eta 30erako, beraien lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmena aldarrikatzeko.

Zenbait hilabetez borrokan ari dira Tolosaldeko Asuncion klinikako langileak, lan-hitzarmen duina izatearen alde eta negoziazioaren blokeoaren aurka. Era berean, ematen duten zerbitzuaren izaera publikoa aldarrikatzen dute, eta baliabideak nahiz baldintzak horren araberakoak izan beharko liratekeela. Mobilizazio ziklo berriari ekin dioten honetan, gaur arratsaldean, ELA eta LAB sindikatuek deituta, kotxe karabana egin dute, eta aurrez, datozen urratsak zeintzuk izango diren azaldu dute.

Tolosako Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako langileek, hiru eguneko lanuzteak eta 26 greba egun burutu ondoren, beste hiru greba egun deitu dituzte azaroaren 15, 22 eta 30-erako euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde. «Zerbitzu publikoa eskaintzen dugu, beste eskualde batzuetan Osakidetzak egiten duena, baina batzuen eta besteen lan baldintzak oso urrun daude», adierazi dute langileek.

Gaur, azaroak 8, bigarren bilera egin dute Precon (Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzu publikoan), baina Invizako langileak ez daude oso ados mahai gainean jarri dutenarekin. «Gero eta pobreago nahi gaituzte, ez baitute soldata-igoerarik bermatzen KPlaren erreferentziarekin. Bien bitartean, erregistroan dauden datuen arabera, Invizako kide den enpresa-taldeak azken urteotan irabaziak izan dituela salatu dute langileek. «Langileok lanean eta borrokan jarraituko dugu, egiten ari garen aldarrikapenak hitzarmen duin baten bihur daitezen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!