Informatika ikastaroa antolatu du Tolosaldea LHII-k

Ataria 2023ko aza. 9a, 11:59

Saioak doakoak izango dira eta herritarrei informatikako oinarrizko kontzeptuak eta erabilerak irakastea dute helburu.

Tolosaldeako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak informatika ikastaroak antolatu ditu, 55 urtetik gorako pertsonei eta kualifikazio maila baxua duten pertsonei bideratuta, eta ikastetxeak azpimarratu duenez, «garrantzia berezia eskainiko zaio genero arrakalari».

Ikastetxeak azaldu duenez, prestakuntza doakoa izango da, eta horren helburua da herritarrei informatikako oinarrizko kontzeptuak eta erabilerak irakastea, egunerokoan izaten diren «oztopoei eta beharrei beldurrik gabe erantzuteko; izan ere, egunerokotasunean geroz eta kudeaketa gehiago egin behar dira digitalki».

Prestakuntza, hiru astetan zehar egitea aurreikusita dago, eta taldea osatu bezain pronto abiatuko dituzte saioak. Gehienez 20 pertsonako taldeak osatuko dituzte eta aste bakoitzean, astelehenetik ostegunera arratsaldeetan ariko dira lanean.

Landuko diren gaiak

Bertan, hainbat gai esanguratsu landuko dituzte; besteak beste, BakQ nola lortu eta zertarako erabili daitekeen, udalarekin eta gizarte segurantzarekin harremanak nola kudeatu edota Osakidetzako plataforma digitalki erabiltzen ikasi. Horretaz gain, beste hainbat baliabide digital ikasteko aukera ere izango dituzte parte hartzaileek, esaterako, emailaren kudeaketa, Google Drive zerbitzuaren funtzionamendua, Google Maps zerbitzariaren erabilera eta online segurtasuna, besteak beste.

Ikastetxearen arabera, saio guztiak guztiz praktikoak izango dira, eta parte hartzaile bakoitzak norbere sakelako eta ordenagailua eraman ahalko du saioetara. Dena den, norbere materiala eraman ezin duenak ikastetxean bertan izango du praktikak egiteko eskuragarri.

Interesa dutenek hainbat modutara eman dezakete izena: formularioa beteta; Peru Arrondo proiektuko ardunadunaren mugikor zenbakira deituta (633 16 28 76); peru.arrondo@tolosaldealh.eus helbide elektronikora idatzita eta Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan aurrez aurre izena emanda. Izena emateko garaian garrantzitsua izango da izen-abizenak eta identifikaziorako dokumentu zenbakia azaltzea. Edozein zalantza izanez gero, harremanetan jarri daitezke izen-emateko telefono zenbaki bera deituta edo helbide elektronikora idatzita.

PERU ARRONDO PROIEKTUKO ARDURADUNARI ELKARRIZKETA

«Elkarlanean jardungo dugu, denok batera mundu digitalerako prestatuz»

Gaur egun, geroz eta kudeaketa digital gehiago egin behar direla dio Peru Arrondo (Ordizia, 1997) proiektuko arduradunak; bere ustetan, egitasmo «aparta» da, «gizartearen behar eta nahiei erantzuteko».

Zein helbururekin abiatu duzue ekimena?

Tolosaldea LHII-n egungo gizarterako baliagarria den prestakuntza digitala eskainiko da. Esan gabe doa sekulako garrantzia duela gai honek; izan ere, egunerokotasunean geroz eta kudeaketa gehiago egin behar dira digitalki. Erronka horri aurre egiteko pentsatuta dago prestakuntza.

Zeintzuk izango dira bertan landuko dituzuen gaiak?

Hainbat gai esanguratsu landuko dira: BakQ nola lortu eta zertarako erabil daitekeen, udalarekin eta gizarte segurantzarekin harremanak nola kudeatu edota Osakidetzako plataforma digitalki erabiltzen ikasi. Horretaz gain, beste hainbat baliabide digital ikasteko aukera ere izango da: Gmail, Drive, Maps eta online segurtasuna, besteak beste.

Nola banatu dituzue saioak?

Prestakuntza, hiru astetan zehar egitea aurreikusita dago. Aste bakoitzean, astelehenetik ostegunera, arratsaldez talde ezberdinak elkartu eta lanean ariko dira. Bertan saio bakoitzean arestian aipatutako gai ezberdinak lantzea aurreikusten da. Hala ere, gure saioak irekiak izango dira eta parte hartzaileak digitalki dituzten zalantza oro galdetzeko aukera izango dute saioetan zehar.

Zenbat pertsonek osatuko dute taldea?

Gehienez 20 pertsonako taldeak izango dira, baina hau arazo bat izaterik ez dugu nahi. Hiru astetan zehar egingo denez prestakuntza, aste beteko parte hartzaile kopurua betez gero, hurrengo asteko saioetan parte hartzeko aukera izango dute.

Noiz hasiko da?

Taldea osatu bezain pronto hasiko denez, ahalik eta azkarren izena ematea gomendatzen da eta jarraian izena eman duten guztiekin harremanetan jarriko gara. Ondoren, asmoa hiru astetan zehar jarraian egitekoa da.  Hala ere, datak finkatzeko garaian, parte hartzaileen egoeretara egokitzen saiatuko gara. Amaiera datari dagokionez, prestakuntza digital hau 2023 urtean amaituko da.

Herritarrak prestakuntzara animatzeko mezurik?

Egitasmo aparta da egungo biztanleriarentzat euren behar eta nahiei erantzuteko, era malgu eta pertsonalizatu batean. Prestakuntza doakoa da eta ezagutza maila gutxiengorik eskatzen ez denez, aukera paregabea da erronka teknologikoari aurre egiteko. Horretaz gain, taldeko giro egokian eta elkarlanean jardungo dugu, denok batera mundu digitalerako prestatuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!