Baso atlantikoak, ornitologia eta anfibioak hizpide, Biodibertsitate Gunean

Ataria 2023ko azaroaren 8a

Tolosako Udalak biodibertsitatearen inguruko hainbat jarduera antolatu ditu datozen asteetarako tolosarren partaidetza eta interesa sustatzeko; igande honetan, bertako ekosistema ezagutzeko irteera egingo dute, Dama Berdetik abiatuta.

Tolosako Udalak hainbat jarduera antolatu ditu Biodibertsitate Gunean. Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren aldeko apustuan sortu zuen espazioa, baita aldaketa klimatikoari tokikotasunetik erantzuteko ere. Hala, biodibertsitatea lantzeko elkargune irekia da eta herritarren interesa eta partaidetza sustatzea eta tolosarrei gai honen inguruan erreferentziazko espazio bat eskaintzea du helburu.  

Biodibertsitate Gunearen baitan jarduera desberdinak antolatzen dira. Modu honetara, biodibertsitate-gaiei buruzko ezagutza zabaldu eta herritarren interesa sustatzen da, hala nola, irteerak, tailerrak, hitzaldiak eta ikastaroak eskainiz. Hilabete honetan ere izango da zerekin gozatu eta hainbat jarduera antolatu ditu udalak.

Igandean, hilaren 12an, baso atlantikoaren ekologia ezagutzeko aukera izango da. Irteera honetan, Belabieta inguruan bisita egingo da bertako ekosistema arautzen duten gakoak behatzeko eta ulertzeko. Irteeran parte hartu nahi dutenak 9:00etan elkartuko dira Dama Berdean. 

Azaroaren 15ean, Ornitologiaren hastapenak ikastaroa izango da. Paseriforme talde ezagunenetako bati eskainitako saio berri bat eskainiko da: turdidoak. Gutxi gorabehera ordubetez, hegazti-talde horren identifikazioari ekingo zaio eta biologiari buruzko gaiak landuko dira. Ikastaroa 18:00etan hasiko da, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoan. 

Eta hilabete honetako Biodibertsitate Guneko jarduerak borobiltzeko, datorren azaroaren 29an Gipuzkoako anfibioak (I) saioa izango da. Bertan, desagertzeko arrisku larrian dagoen ornodunen talde horren biologiaren eta identifikazioren inguruan ariko dira parte hartzaileekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!