2024ko ordenantza fiskalak onartu ditu Tolosako Udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 8a, 07:59

Tolosako Udalak Arreta Gabezia eta Hiperaktibitate Nahasmenduaren Egunarekin bat egin zuen urriko bilkuran. TOLOSAKO UDALA

Zergek eta tasek %2,5eko igoera orokorra izango dute, salbuespenak salbuespen; bestetik, 150.000€ bideratuko ditu etxez etxeko zaintza zerbitzua indartzera.

Urriko osoko bilkuran egin ohi den moduan, datorren urterako zerga, tasa eta prezio publikoak izan ditu eztabaidagai Tolosako udalbatzak azken bilkuran. Bada, KPIa eta inflazioa kontutan hartuta, ordenantza fiskalek %2,5eko igoera orokorra izatea onartu dute. Badira, ordea, salbuespenak. Jabari publikoaren erabileraren atalean, esaterako, Belena patioko bizikleta aparkalekuari dagokiona da nabarmenena, jaitsi egingo baita bizikleta bertan gordetzeagatik ordaintzen den urteko kuota.

Gauzak horrela, eta %2,5eko igoera aplikatuta, urtean 66,44  euro ordaintzetik, 45,45 euro ordaintzera igaroko dira Alde Zaharreko bizilagunak. «Orain arte bizikleta gordetzea auto baterako bertakoen txartela eskuratzea baino garestiagoa izan da. Mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginda, honek ez luke horrela izan behar. Aurrerago ere aztertuko dugu bestelako trataerarik beharko ote lukeen», azaldu du Esti Kortejarena ogasun zinegotziak.

Larunbateroko azokan parte hartzen duten ekoizleen zergak edota eraikinak konpontzeko jartzen diren aldamioengatik ordaintzen diren tasak izoztea ere erabaki dute. Prezio publikoen kasuan, tolosarrei ez ezik, gainerakoei ere prezio berak aplikatuko zaizkie.

Iaz, EAJk proposatutako igoeren aurka azaldu zen EH Bildu, tasa eta zerga guztiak izoztea proposatuz, eta aurten alderdi jeltzaleko zinegotziak haserre agertu dira: «Zer aldatu da urte batean, zuen ordenantza fiskalaren proposamena iaz guk aurkeztu genuaren ildotik joateko, alegia, tasak eta zergak izoztu beharrean, hartu eta 2024rako igoera orokor bat proposatzeko?».

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren kasuan, berriz, igoera %1ekoa izango da, izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak balio katastrala ere eguneratuko du. Biak kontutan hartuta, %2,5ean eguneratuko da zerga hau, eta hiri ondasuneko higiezinetan soilik aplikatuko da, hau da, landa eremua eta industriaguneei ez zaie halakorik aplikatuko.

Etxebizitza hutsek errekargua izaten dute zerga honen kasuan, eta errekargu hori bikoiztea onartu du udalak. Hamalau salbuespen daude errekargu hori ez ordaintzeko, gainera, eta horietako batean ere aldaketa aplikatuko da. «Inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzen ia %70ak ordaintzen du errekargua, eta hortaz, modu honetara eragin nahiko genuke hutsik dauden etxebizitza kopurua jaisteko», adierazi du Kortejarenak.

Hain zuzen, etxebizitzaz luze eta zabal eztabaidatu dute bilkuran, EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako mozio banaren harira. Azken hau onartu zen, hain zuzen, Etxegabetzeak Stop plataformak sinatutakoa, udal gobernuaren eta PSEren aldeko bozkekin. Ander Figuerido etxebizitza saileko arduradunak adierazi zuenez, Espainiako Etxebizitza Legea tresna bat gehiago da etxebizitza politikak egiteko. «Lege honek marko juridikoa jartzen du, eta orain guk arau propioak garatu behar ditugu, 2015ean Eusko Legebiltzarrean onartutako legea, hain justu. Hau bere osotasunean garatzeko, baina, 8 urte itxaron behar izan dugu etxebizitza eskubide subjektiboa arautzeko dekretua onartu den arte».

Beste zenbait aldaketa

Ibilgailuen gaineko zergaren kasuan ere bada aldaketa bat. Igoera orokorra %2,5ekoa izango bada ere, 16 zaldi fiskaletik gorakoen kasuan, %3,5ekoa izango da igoera.

Zaborren bilketa zerbitzua, berriz, %5 igoko da, gastuen eta diru-sarreren arteko desorekari aurre egiteko. Orain arte ez bezala, landa auzoetan ere aplikatuko da tasa, nahiz eta hobaria izango duten. Auzo horien erdigunean bizi direnen kasuan, tasaren %75 aplikatuko zaie, eta barreiatuta bizi direnek, aldiz, %50eko hobaria jasoko dute. EAJ-k, bere aldetik, azken aldaketa horiek aurretik auzotarrei komunikatu ez izana salatu du.

Jabari publikoaren aprobetxamenduari dagozkion tasen ordenantzak ere eguneratu egingo dituzte, %2,5eko igoerarekin. Ordenantza hori, aurrerantzean, orain arte eraginik ez zuen beste hainbat esparrutan aplikatuko da. Horrela, Oriaburu eraikineko areto nagusiaren alokairua –salbuetsita geratzen dira bertako erabiltzaile nahiz irabazi asmorik gabe antolatutako ekitaldien kasuan–, zoru publikoan foodtruck-ak jartzeko ordaintzen den tasa edo Emari Coworking Guneko erabilera kuota ere sartuko dira dinamika horretan. Emariko erabiltzaileen luzapenen kasuan, luzapenaren lehen urtean kuota %50 igoko da aurrerantzean, %75 bigarren urtean eta hirugarrenetik aurrera %100, ordurako enpresek egonkortuta beharko luketela aurreikusita.

Etxez etxeko zaintza

Zenbait kreditu aldaketa ere hizpide izan dira. Adibidez, 150.000 euro gehiago txertatuko dituzte etxez etxeko laguntza zerbitzuarentzat, eskaerek duten intentsitatea eta onuradunen beharrak asko igo direla ikusirik.

Bi diru laguntza ere onartu dituzte, baita horiek egin ahal izateko kreditu aldaketak ere. Batetik, 20.000 euro bideratuko ditu udalak Oargi elkarteko rokodromoa konpontzera, «tolosar guztiei irekitako espazioa baita». Bestetik, Samaniego Ikastetxearen urteurreneko ekitaldien antolaketarako beste 20.000 euroko laguntza eskainiko du udalak. Gainera, udal langileen ordainsarien bigarren igoera aplikatzea ere onartu dute.

Azkenik, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren barruan dauden Gipuzkoako garraio-zerbitzu publiko erregularrak harmonizatzeko Arautegia aldatzea ere onartu du udalbatzak, mugikortasun murriztua duten erabiltzaileen laguntzaileei doakotasuna zabaltzeko. Garraio Agintaritzaren Batzar Nagusiak ekainean onartu zuen aho batez aldaketa hori, eta orain partzuergoko kide bakoitzak onartu behar ditu aldaketa hauek.

Udal gobernuarekin kritiko

Oposizioko alderdiek Tolosaldeko Mankomunitateko Lehendakariaren dedikazio esklusiboa kritikatu dute, baina EH Bilduren ustez erabakia baliagarria izan daiteke Tolosaldea indartu eta zerbitzuen karta handitzeko. «Ikusi dezagun hartutako erabakiak eta egingo den lanak ezarritako helburuak lortzen dituen, eta utz ditzagun kritika horiek, beharrezkoak badira, aurreragorako», adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak.

Bestetik, Usabal kiroldegiko greba dela eta, kirol klubei sortarazten ari zaizkien kilometraje eta alokairurako gastuak diruz ahalik eta lasterren laguntzeko eskaera egin du alderdi jeltzaleak, eta beharrezkoa izanez gero, premiazko neurriak hartzea exijitu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!