Etxebizitzen alokairurako diru laguntza eskatzeko epea, zabalik

Ataria 2023ko aza. 7a, 11:58

Eskatzaileek, besteak beste, gutxienez urtebeteko alokairu-gastua eginda eduki eta Tolosan erroldatuta egon beharko dute.
Azaroaren 27ra arte Udaten edo telematikoki erregistro elektronikoan aurkeztu beharko dira eskaerak.

Tolosako Udalak 85.000 euro bideratuko ditu ohiko bizilekurako etxebizitzen alokairuaren zati bat diruz laguntzeko. Gaurtik aurrera egin daitezke eskaerak hilaren 27ra bitarte, udal bulegoetan. UDATEn (Herritarren Arreta Zerbitzuan) edo telematikoki erregistro elektronikoan ere egin ahalko da eskaera. Aurretiko zita hartu beharra dagoela adierazi du udalak, eta horretarako edota informazioa eskatu ahal izateko 943 65 44 66 zenbakira eta 906 luzapenera deitu edo alokairua@tolosa.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.

Diru laguntza hau eskatzeko aukera ondorengo herritarrek izango dute:

  • 18 eta 35 urte bitarteko gazteak, beti ere, Eusko Jaurlaritzako Gaztelagun programatik kanpo badaude.
  • Bananduak eta dibortziatuak.
  • Jada izatezko bikote ez direnak.
  • Guraso bakarreko familiak.
  • Alokairuan bizi diren 70 urtetik gorakoak (etxebizitza baten jabe ez direnak).
  • Alargunak (etxe baten jabe ez direnak).
  • Etxebizitza babestu bat eskuratzeko aukera duten pertsonak, udalak behar adina baliabide ez baditu eta mugikortasun urria (7-15 puntu) edo ezgaitasun absolutua badute.

Gainera, laguntza hau jasotzeko, eskatzaileek gutxienez urtebeteko alokairu kontratua izan beharko dute, baita Tolosan erroldatuta egon ere (gutxienez 3 urteko etenik gabeko antzinatasunarekin). Ezingo dute eskaera luzatu beste erakundeen antzeko diru laguntzak jasotzen dituzten bizilagunek.

Alokairuaren eta etxeen baldintzak

Alokairuak hainbat baldintza bete beharko ditu udalak eskainitako diru laguntza jaso ahal izateko. Hala, alokairuaren gehieneko zenbatekoak ondokoak izan beharko dira: banakakoa, 750 euro; bi kideko familiak, 800; hiru edo lau kideko familiak, 900 euro; eta familia ugariak, 1.000 euro.

Diru laguntzaren zenbatekoa errentaren araberakoa izango da. Halaber, eskatzaileen bizikidetza unitateko diru-sarrera gordinen mugak ondorengoak izango dira bizikidetza unitate bakoitzean:

Bizikidetza unitatea

Gazteak (Gaztelagun programatik kanpo)

Gainerakoak

Eskatzaile indibiduala

24.501€ - 30.000€

3.000€ - 30.000€

2 kideko familia unitateak

31.741€ -35.000€

3.000€ -35.000€

3 edo 4 kideko familia-unitateak

31.741€ - 40.000€

3.000€ - 40.000€

Familia ugariak

33.857€ - 45.000€

3.000€ - 45.000€

Eskatzaile bakoitzak hileko gehienez 250 euro jasoko ditu, eta gehienez, 12 hilabetetan. Alde Zaharrekoen kasuan, 300 eurora arteko dirunlaguntza jasoko dute.

Herritarrek etxebizitzen alokairuaren diru laguntza jasotzeko etxebizitzek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Hala nola, kanpoan geratuko dira babes ofizialeko etxeak, berrakuratuak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruko alokairuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!