Proiektu gogokoena aukeratu beharko dute tolosarrek

Ataria 2023ko aza. 7a, 11:59

16 urtetik gorako Tolosan erroldatutako herritarrek 17 proiektuz osatutako zerrendaren aurrean bozka bakarrarekin hiru egitasmo lehenesteko aukera izango dute.

Tolosako Udalak atzo zabaldu zuen aurrekontu parte hartzaileen bozketa fasea eta 16 urtetik gorako Tolosan erroldatutako herritarrek 17 proiektuz osatutako zerrendaren aurrean hiru egitasmo lehenesteko aukera izango dute azaroaren 12ra bitarte. Bakoitzak behin bakarrik izango du bozkatzeko aukera. Bozka eskuz eman daiteke postontzietan, Udate Herritarren Arreta Zerbitzuan eta kultur etxean, baita telematikoki ere hemen klik eginda.  

Udal teknikariek ekonomikoki eta teknikoki bideragarriak diren 17 proiektu zerrendatu dituzte, guztira 1.290.000 euroko kostuarekin, baina gehienez 500.000 euroko mugarekin bideratu ahalko dira 2024 urtekoak, eta horregatik, udalak premiazkoenen alde boza ematera animatu nahi ditu herritarrak. Beraz, herritarren bozkak ezarritako lehentasunaren arabera eta ezarritako diru mugaren baitan bideratuko dira 2024 urterako herritarrek lehenetsitako egitasmoak.

Eskaera-proposamen asko ez dira bozketa fasera igaro, jada 2024 urteko aurrekontu aurreikuspenaren baitan jaso direlako edota udal mantenu planaren baitan jaso eta beraren bitartez bideratuko direlako. Esate baterako, tren estazioko plaza berritzeak proiektu bat idaztea eskatzen du eta hurrengo urterako aurreikusita dago beraren kontratazioa.

Ingurumena, Hirigintza eta haurren beharrak

Zerrendan ikusi ahal denez, proposamen gehienak Ingurumenarekin, Hirigintzarekin eta haurren beharrekin lotutakoak dira. Hala, hiru atal bereizi dira.

Tolosa, pertsona ardatz duen herria atalean, ondoko lau proiektu gailendu dira:

  • Kalistenia ariketa-sistema eta kaleko kirol parkeak: 40.000 euro
  • Alondegi plazan haur parkea: 115.000 euro
  • Tolosako haur eta nerabeei zuzendutako udaleku irekiak: 150.000 euro
  • Tolosaldeko emakumeen historia ikertzea: 20.000 euro.

Ingurunearen babesa eta udalerriaren nortasuna mantenduko duen herri garapen iraunkor eredugarria atalean, berriz, 12 proiektu bideragarri aukeratu ditu udalak:

  • Zabalarreta parkean kiosko-aterpe bat, agertoki-aterpe itxi batekin: 50.000 euro
  • Bedaio auzoko frontoi egokitua: 20.000 euro
  • Komun publikoa Larramendi auzoan: 80.000 euro.
  • Hilerrian komuna: 110.000 euro.
  • Larramendi auzoan jolaserako eta ariketa fisikorako gunea: 110.000 euro.
  • Emeterio Arreseko eraikina berritzea: 200.000 euro.
  • Haurrentzako ur parkeak: 50.000 euro.
  • Terraza publikoa Zerkausian: 150.000 euro.
  • Bizikleta aparkaleku egokiak jartzea: 20.000 euro.
  • Iurreamendi eta Amarotz auzoak bidegorri bidez lotzea: 60.000 euro.
  • Baso eskola programaren zabalpena: 20.000 euro.
  • Energia bulegoa sortu: 65.000 euro.  

Bere aldetik, Tolosako garapen ekonomikoa sustatu, hiri-ekonomia, industria eta lehen sektorea oinarri hartuz atalean, ondoko proiektua izan da gailendu dena:

  • Merkataritza sustatzeko plana: 30.000 euro.

Behin bozketa fasea amaitzean, emaitzekin batera, prozesua eta proiektu desberdinen bideragarritasunaren azterketaren inguruko azalpenak emango ditu udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!