Oraingoan ez da ametsa bete

Ataria 2023ko azaroaren 4a

Jon Ander Peña, finalerdiaren une batean. EITB.EUS

Jon Ander Peñak galdu egin du Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdia, 15-22, Peio Etxeberriaren aurka.

Bi pilotarientzako oso berezia zen gaurko partida. Lehenengo aldiz lehen mailako finala jokatzeko atarian zeuden Peña II.a eta Etxeberria. Azkenean, ASPEko pilotariarentzat izan da Gasteizko Ogeta pilotalekuan jokatutako partida.

Oso gogorra izan da neurketa, batez ere lehendabiziko zatia. Bi pilotarietan ez da inor gailendu, eta pilota ziztu bizian ibili da. Horrez gain, tentsio handia nabaritu da, bi pilotarientzako hain partida berezia izanik. 10 tantotara berdindu dute, eta hor hasi da alde egiten Etxeberria. Markagailuan aldea mantendu du, 10-15, 12-18, 13-21 joanez, eta Peña II.ak ezin izan du alde hori murriztu. Azken bi tantoak egin ditu tolosarrak, 15.era iritsiz, baina hurrengoa aurkariarentzat izan da, eta horrekin batera finalerako pasea.

Batetik triste dagoela esan du Jon Ander Peñak ETBko mikrofonoetan, finalera pasatzeko aukera galtzeagatik, baina beste sentsazio bat ere baduela gorputzean: «Nik nirea eman dudanaren sentsazioa daukat. Akatsak egin baditut, berak erasan didalako izan da. Bigarren partean ni baino hobeagoa izan da eta zorionak ematea besterik ez zait geratzen». Partidaren hasiera «oso gogorra» izan dela azaldu du: «Eskerrak goiz bazkalduta etorri naizen, bestela denak botako nituen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!