Tolosaldeko ospitale publikoa

HAPOaren aldaketa puntualaren inguruko saio irekia

Ataria 2023ko azaroaren 3a

Ospitale berria Iurre eremuan kokatu ahal izateko HAPOaren aldaketa puntuala egingo du Tolosako Udalak.

Iurre eremuan ospitalea eraiki ahal izateko Plan Orokorrean aldaketa hasi zuen Tolosako Udalak; lehenengo faseko parte hartze saioa egingo dute azaroaren 8an udaletxean.

Tolosako Udalak Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aldaketa puntuala jarri zuen abian, Iurre eremuan, ospitalea eraiki ahal izateko. HAPOa aldatzeko lan osoa lau fasetan banatzen da, eta une honetan lehenengo fasearen barruko parte-hartze saioa gauzatuko du udalak, herritarrentzat saio ireki bat eginez. Udaletxeko udalbatza aretoan izango da saioa, azaroaren 8an, 19:00etan hasita. 

Lehen fasean ingurumen-ebaluazioarekin hasteko eskabidea, ingurumen-dokumentu estrategikoa eta plan orokorraren aldaketa idatziko dituzte. Herritarrek parte hartzeko lehenengo bilera irekia fase honetan egingo dute, eta hurrengo asteazkenekoa izango da. Hala, dokumentua idazten hastearekin batera diagnostiko teknikoa osatzeko tolosarren ekarpenak jasotzea izango da hitzorduaren helburua.



Herritarrek parte hartzeko bigarren bilera irekia bigarren fasean egingo dute. Hitzordu horretan hasierako onespeneko hirigintza-dokumentuaren aurkezpena egingo dute. Jarraian, hirugarren fasean, behin-behineko onespena emango zaio dokumentuari, alegazioen balorazioa egingo da eta txosten sektorialen azterketa ere bai. Eta, laugarren eta azken fasean, behin betiko onespena jasoko du dokumentuak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!