Haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruan hausnartuko dute

Ataria 2023ko aza. 3a, 14:30

Haurren Hiria proiektuaren barruan, gaztetxoak proposamenak egiten Tolosako udaletxean.

Aurtengo ikasturtean ere Tolosako Udalak haurren ekarpenak jasoko ditu Haurren Hiria proiektuaren bitartez. Hamargarren edizioa izango du ekimenak, eta Herrikide, Laskorain eta Samaniego ikastetxeetako 8 eta 12 urte arteko haurrek hartuko dute parte.

Tolosako Udalak haurren ekarpenak jasoko ditu  aurten ere, Haurren Hiria proiektuaren bitartez. 2023-2024 ikasturtean egitasmoaren hamargarren edizioa jarriko dute martxan, eta Herrikide Ikastetxeko, Laskorain Ikastolako eta Samaniego Ikastetxeko 8 eta 12 urte bitarteko haurrek hartuko dute parte. Haurren ikuspuntutik abiatuta eta haurrei hitza emanez, Tolosako Haurren Hiria proiektuaren helburua herria hobetzea da.

Aurten haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruan hausnartuko dute ikasturtean zehar egingo dituzten saioetan. Hala, haurren iritzia etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliatuko da, izan ere Tolosako Udalak azaldu duenez, sustatzen dituen foro eta batzarretan, behin eta berriz atera da haur, nerabe eta gazteen aisialdiaren inguruko hausnarketa egitearen beharra.

Proiektuan parte hartu nahi duten haurrek izena emateko aukera dute, azaroaren 14ra arte. Izena emateko argibideak ikastetxeko zirkularraren bitartez banatu dituzte eta apuntatzeko argibideak http://labur.eus/tolosakoaisialdia webgunean zehaztu dituzte. Interesa azaltzen duten haur guztien artean zozketa zibikoa bideratuko dute. Honela, aniztasuna kontuan izanik (adina, jatorria, generoa, ikastetxea eta bizitokia) Haurren Kontseilua izendatuko dute. 

Haurren Kontseiluaren lau lan-saio

Haurren Kontseiluarekin lau lan-saio bideratuko dituzte, ostiraletan eta eskola ordutan, goiz osoko iraupenarekin. Lehen saioa abenduaren 15ean izango da, bigarrena urtarrilaren 19an, hirugarrena martxoaren 22an eta laugarrena maiatzaren 3an. Saio guztiak Tolosako kultur etxean egingo dituzte eta adituak diren profesionalen laguntzarekin, aisialdirako aukerak aztertu eta hobekuntza proposamenak landuko dituzte. Honek gaiaren inguruan hausnartu, deliberatu eta Tolosako Udalari ekarpenak egiten lagunduko die. 
Haurren ekarpenak alkateari eta gainontzeko udal ordezkariei aurkezteko Mintza Txokoa izeneko saioa ospatuko da Tolosako udaletxean. Gainera, haur ordezkarien familiekin bi jarraipen bilera egingo dituzte, azaroan eta maiatzean. Halaber, Haurren Kontseiluan parte hartzen duten ordezkariek gainontzeko gelakideei proiektuaren berri emateko bideak erraztuko dira. Azkenik, herritarrek proiektuaren jarraipena egiteko aukera izango dute http://labur.eus/tolosakoaisialdia webgunearen bitartez. Bertan, unean uneko informazioa eskainiko dute ikasturtean zehar, baita izena emateko aukera ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!