elkarrizketa

«Norberak hausnartu dezala zergatik gertatzen den horrela»

Aitor Arroyo Askarai 2023ko aza. 2a, 11:59

Estreinakoz eleberri bat argitaratu du Endika Ibargurenek (Tolosa, 2001): No me cortes las alas (Etzaizkidazu hegoak moztu). Bi anaien istorioa jasotzen du liburuak eta hainbat gai lantzen ditu, horien artean, maitasuna, mina, bakardadea eta zoriontasuna.

Gurean udazkena izaten da kulturaren arloko uzta jasotzeko urtaroa. Urte guztian zehar bateko eta besteko fruituak ontzen badira ere, garai hori izaten da oparoena. Zuhaitz adintsuen modukoak dira egile batzuk: ondo errotuta dituzte sustraiak eta urtez urte loratzen dira. Badira, era berean, lehen lorea ematen duten landareak ere. Estreinakoz eleberri bat argitaratu du Endika Ibargurenek (Tolosa, 2001): No me cortes las alas (Etzaizkidazu hegoak moztu). Bi anaien istorioa jasotzen du liburuak eta hainbat gai lantzen ditu, horien artean, maitasuna, mina, bakardadea eta zoriontasuna. Lanaren nondik norakoak azaldu ditu egileak, besteak beste, zer kontatu nahi izan duen, nolakoak izan diren idazte zein argitaratze prozesuak eta zergatik landu dituen aipatutako gaiak.

Irakurleak zer topatuko du liburuan?

Topatzea espero ez duena topatuko du. Hasieratik saiatu naiz argitzen pertsonaietako batek Downen sindromea duela, baina irakurleak ez du topatuko informazio zientifikorik, datu estatistikorik edo antzekorik.

Irakurleak topatuko duena da istorio normal bat; batzuei agian normalegia ere irudituko zaie. Baina istorio honetan azaltzen diren gauza batzuk aurretik ez dira planteatu, eta agian ez du zertan orain arte bezala izan.

Bi anaiek maitasuna ezagutuko dute eta horrek eramango ditu zoriontasunera. Planteamenduak ematen du zer pentsatua.

Jakina, maitasuna ez da gailurrera eramango dituen gauza bakarra, baina istorio honetan dimentsio oso indartsua dauka. Abiapuntua hori izanda, garrantzitsua da biak zein abiaduratan jaitsiko diren, hor zerbait ikusten hasten delako. Sinopsian aipatzen da bien errealitatea ezberdina dela: batena da tokatu egiten zait hemen egotea, eta bestearena da bizi nahi dut eta ez didate uzten. Neroni ere ematen dit zer pentsatua. Hortik aurrera, norberak hausnartu dezala zergatik gertatzen den horrela.

Hainbat gai landu dituzu: maitasuna, mina, zoriontasuna, bakardadea... Nondik dator horiek lantzeko interesa?

Nik uste landu ditudala Erasmusen nengoela sentitu nituelako pila bat. Idatzi nuen garaian sentimendu horiek denbora guztian nituen inguruan, eta gainera sentitzen ditut oso modu zehatz batean. Bakardadearen inguruan ez da berdina bakarrik egon nahi izatea, bakarrik sentitzea, benetan bakarrik egotea... Ideia bakoitzak dimentsio ezberdinak ditu, baina azkenean da nik nola sentitu ditudan eta nola kontatu nahi ditudan. Maitasuna ere bide beretik doa, eta baita zoriontasuna ere: zoriontasuna zer den, pertsona bakoitzarentzat zer den zoriontsu sentitzea... Istorio honetan ikusten da pertsonaiek gauza ezberdinak behar dituztela zoriontsu izateko eta, orokorrean, baita guztiok ere.

Nolakoa izan da liburua argitaratzeko prozesua?

Oso zaila izan da. Lehen asmoa zen argitaletxe batekin argitaratzea liburua, baina zure izena ez bada ezaguna... Gaztea izanda argitaletxe batera joan zaitezke, baina diru kantitate bat ordaintzea eskatzen dizute, eta zuk ez daukazu diru kopuru hori.

Nik argitaletxe askotara bidali nuen, eta batzuek esan zidaten begiratuko zutela baina gero ez nuen erantzunik jaso. Autoedizio argitaletxe batzuetatik ere idatzi zidaten interes handia zutela esanez, baina gero letra txikia irakurtzen duzu eta tranpa ere izaten dute... Azkenean erabaki nuen Amazon bidez egitea.

Amazonek badauka euskarri bat doan argitaratzeko, eta horrez gain ez dago aparteko arrazoirik. Nik liburua fisikoki eduki nahi nuen, eta Amazonek aukera ematen du liburua digitalean eta fisikoki ekoizteko. Aukera ematen dizu publikoarengana iristeko, eta benetan ona bada eta jendeari gustatzen hasten bazaio izan daiteke zure izena ezagutarazten hasteko modu bat. Hori bai, Amazonetik argitaratzea ere beste istorio bat da, oso prozesu zaila da.

Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?

Egia esan ez dakit oso ondo, baina beti buruan izan dut gustatuko litzaidakeela idaztea. Eta egun batean esan nuen: hasi egingo naiz. Baina interesa bera ez dakit nondik datorren. Familian ez dugu idazlerik [barrez]. Irakurtzea beti gustatu izan zait, eta bestea ere probatu beharreko zerbait bezala ikusten nuen.

Beste proiekturik ba al daukazu esku artean?

Bigarren zatirik ez du izango, baina badaukat esku artean beste proiektu bat. Momentuz forma hartzen ari da eta hasi naiz gauza batzuk idazten; baina oraindik ez dakit oso ondo nola joango den. Gaiak argi ditut, eta argi daukat zer kontatu nahi dudan eta nola kontatu nahi dudan ere; baina ez besterik.

Gazteleraz idatzi duzu. Erosoago sentitzen zare horrela?

Eskaintza handiagoa dago gazteleraz. Euskaraz ere irakurtzen dut, eta euskaraz literatura oso ona dago. Baina idatzi nuenean, hasieran ez nuen pentsatzen argitaratzea. Baditut nire bizitzan pertsona batzuk, zeinak ez dakiten euskaraz; eta horientzat ere idatzi nahi izan dut. Izatez, horiek irakurtzea nahi nuen gauza asko transmititzen direlako liburuan eta, istorio pertsonala denez, pertsona horiek identifikatuta sentitu daitezke egoera batzuekin. Azkenean, idaztea ere bada gauzak esateko modu bat, zeinak ez garen ausartzen aurpegira esaten. Euskaraz idaztea ere pentsatu nuen, baina hasieran ez nuenez asmorik argitaratzeko eta bestela pertsona horiengana ez nintzenez iritsiko, azkenean gazteleraz idaztea erabaki nuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!