Ghulam Murtaza Tolosan izango da

Ataria 2023ko urriaren 31

Uztailean bezeroek hiltzen utzi zuten goi mendietako zamaketari pakistandarrari elkartasuna adierazteko hitzaldia egingo dute ostegunean, azaroak 2, Topic-en. 19:30ean hasiko da saioa eta Alex Txikon eta Akhond Ishaq alpinistak ere bertan izango dira.

Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak eta Zumardia elkarteak antolatuta, Ghulam Murtaza goi mendietako zamaketari pakistandarrari elkartasuna adierazteko hitzaldia izango da ostegunean, azaroak 2, Alex Txikon eta Akhond Ishaq alpinistekin, 19.30ean, Topic-en. 

Ghulam Murtaza goi mendietako zamaketari gazte pakistandar bat da. Uztailean, Broad Peak mendian, gaizki sentitzen hasi zen 8.000 metrotara. Bere bezeroek, ezin zuela jarraitu ikusita, bertan hiltzen utzi eta gailurrera segitzea erabaki zuten. Atzetik zetorren Lukas Worle alpinista austriarrak aurkitu zuen erdi hilda, eta esfortzu handiz beheko kanpalekura jaistea erdietsi zuen.

Hala ere, Murtazaren izozketak hain dira larriak, hatzak galtzeko arriskuan dagoela. Eta hatzik gabe, ezin du bere eta bere familiaren sostengu ekonomikoa den ogibidearekin jarraitu. Orain, Alex Txikonen eta zenbait lagunen laguntzari esker, Euskal Herrira etorri da Murtaza, non bere hatzak salbatzeko saiakera egingo duten.

Sarrera, borondatearen truke

Datorren ostegunean, Tolosan izango da Murtaza, eta Txikonekin eta Ishaqekin batera, bere historia eta egoera lehen eskutik ezagutzeko aukera aparta izango da. Sarrera borondatearen truke izango da, eta jasotzen den dirua Murtazari laguntzera bideratuko da. Emanaldia, elkartasun ariketa erraldoia izatea dute helburu. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!