Pentsio duinak ozen aldarrikatu dituzte

Ataria 2023ko urr. 30a, 17:00

Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, lagun ugari elkartu dira Tolosan zehar egin duten manifestazioan beraien arazoak ez direla desagertu aldarrikatzeko. Harizpe, Iturritza, Beti Gazteak, Bizi Nahi, E Duintasuna eta Oneka taldeetako kideak ere bat egin dute deialdiarekin.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak prentsaurreko eskaini zuen joan den ostegunean, urriak 26an, Bilbon, jada ematen ari diren urratsak eta aurrera eraman nahi den ekimen-plana ezagutarazteko. Ekimen horien helburua 1080 euroko gutxieneko pentsioen osagarriaren eskariaren legitimitatea eta zuzentasuna gizarteratzea dela aipatu dute gaur, «gizartean ahalik eta saririk handiena bilatuz».

Duela aste batzuk, 1080 euroko ponentzia defendatu zuten Eusko Legebiltzarreko Gizarte Gaietako Batzordean, eta bilerak egin zituzten alderdi politikoekin, gutxieneko pentsioen 1080 euroko osagarria babesteko eta defendatzeko konpromisoa har zezaten. Datozen asteetan, berriz, udaletan, Foru Aldundietan eta EUDElen mozioak aurkeztuko dituztela jakinarazi dute, «haien laguntzarekin bermatzeko pentsiodun guztiek gutxienez 1080 euroko diru-sarrerak izango ditugula 14 ordainsaritan». Era berean, herritar guztien sinadurak biltzen hasiko dira aldarrikapen hori babes dezaten.

Ildo beretik, jakinarazi dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazio bana antolatu duela, azaroaren 11an, Iruñean, eta azaroaren 16an, Gasteizen, «Chivite eta Urkulluren gobernuek hurrengo aurrekontuetan 1080 euroko gutxieneko pentsioen osagarria kontuan har dezaten».

Madrilgo manifestazioa

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, Estatuko beste erkidego eta herri batzuetako pentsiodunen plataforma eta mugimenduekin batera deituta, pentsiodun unitarioen manifestazioa egin zuten joan den larunbatean, urriaren 28an, Madrilen. Pertsona ugari elkartu zen Pedro Sanchezen Gobernuari exijitzeko ahalik eta epe laburrenean pentsiodunen plataforma eta mugimenduetako pentsiodun unitarioen aldarrikapenei, besteak beste, 1080 euroko gutxieneko pentsioari lehentasunez erantzuteko.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko 200 bat lagun bertaratu ziren, eta manifestazioak arrakasta handia izan zuela azpimarratu dute: "Estatuko hainbat herri eta erkidegotako milaka pertsonak, festa eta aldarrikapena giroan, manifestazioa egin genuen Madrilgo erdigunean, eta, amaitzeko, Palestinako herriari zuzendutako poema eta pentsiodunen komunikatu bat irakurri genituen".

Zaintza sistema «duina»

Zainketa lanei buruz onartu dituzten akordioak dekalogo batean jaso dituzte Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko Emakumeak, eta horiek ere gogora ekarri dituzte gaurko manifestazioan:

  • Zaintzeko eskubideak unibertsala izan behar du.
  • Zaintza-zerbitzuek kalitatezkoak izan behar dute.
  • Zainduen eskubideak eta autonomia bermatzeko zainketak.
  • Etxeko zaintza profesionalizatu egin behar da, integrala eta kudeaketa publikokoa izan behar du.
  • Kudeaketa publikoa duten egoitza eta eguneko zentro publikoak, zaintzaren kalitatea lehenesten dutenak.
  • Hurbileko eta komunitatearen partaidetza duten zaintza-zerbitzuak eta sare komunitarioak.
  • Zaintzako langileen lan-baldintza duinak izatea eta etxeko langileak zaintzaile profesional gisa aitortzea.
  • Zaintza ezin da emakumeen kontua izan, ezta familia kontua ere. Zaintza ezin da emakumeen betebeharra izan.
  • Gizonen erantzunkidetasuna zaintza-lanetan.
  • Pentsio duina emakume guztientzat, aitortu gabeko zaintzaileak izan direlako.

Azaroaren 30ean ere kalera aterako dira, baina, oraingoan, zaintza eskubidearen aldeko greba feminista orokorrarekin bat egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!