Emozio handiko partidak jokatu dira Ogi-Berri Txapelketan

Ataria 2023ko urriaren 30a

Tolosako Beotibar frontoian jokatu ziren larunbatean, eta lehen mailan Rekalde-Bernaola sailkatu ziren eta elite mailan Fernandez-Apezetxea.

Ogi-Berri Txapelketa Migel Soroa Oroimenezkoaren beste bi partida jokatu ziren larunbatean Tolosako Beotibar frontoian. Lehen mailako partida oso parekatua izan zen hasieratik bukatu arte. Egiguren-Garcia bikote gipuzkoarra hasi zen markagailuan agintzen, baina Rekalde eta Bernaolak ez zuten bururik jaitsi eta 13na berdindu ondoren, markagailuan aurreratzea lortu eta partida amaitu arte nagusi izan ziren. Azkenean, 22-19 Rekalde-Bernaola bikotearen alde.

Jaialdiko bigarren partidan, elite mailakoan, Fernandezek eta Apezetxeak garaipena lortu zuten (22-15) Lerena eta Erasunen aurka. Hasieran irabazleak oso ondo jokatzen hasi ziren, eta ematen zuen ez zela partidarik egongo. Hala ere, galtzaile izan zen bikoteak lanean jarraitu eta tanto batera jartzea lortu zuten (15-14). Nahiz eta gerturatzea lortu, ezin izan zuten berdindu eta azkenean 22-15 bukatu zen Fernandez-Apezetxea bikoaren alde.

Bi bikote irabazleek final-laurdenak jokatuko dituzte. Txapelketaren hurrengo jaialdia azaroaren 12an jokatuko da, 17:00etan hasiko den jaialdian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!