Alpino Uzturre Trail taldea aurkeztu dute

Leyre Carrasco 2023ko urr. 29a, 16:28

30 korrikalarik osatuko dute denboraldi berriko taldea; 15 emakumezko eta 15 gizonezko.

Alpino Uzturre taldearen helburuetako bat parekidetasuna sustatzea da, eta denboraldi honetan bete-betean lortuko dute. Izan ere, 15 emakumezko eta 15 gizonezkoek osatuko dute Alpino Uzturre Trail taldea, eta prest dira lasterketa motz zein luzeetan lehiatzeko. «Ilusionatuta» daudela adierazi du Aitor Oiarzabal lehendakariak, eta modalitate honetan ere «lehiakorrak» izaten saiatuko direla esan du.

Horrez gain, korrikalariei erraztasunak ematea ere izango dute helburu, «mendi traila praktikatu ahal izateko eta kirolari bakoitzaren helburuak betetzen laguntzeko». Txapelketa ofizialetan Tolosa ordezkatzea ere izango dute beste helburuetako bat, baita elkarlanean taldearen babesle eta kolaboratzaile diren tolosar enpresak ezagutaraztea, haien arteko lotura sustatzea eta euren proiektuak garatzen laguntzea ere. Baina, bereziki, apaltasunez Alpino Uzturre elkartearen ondarea bizirik mantentzea eta, bide batez, proiektuari hauspo pixkat ematea izango dute helburu nagusia.

Aurkezpen ekitaldia Julen Telleria aurkezlearen gidaritzapean egin dute goizean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan, eta Andu Martinez de Rituerto alkatea ere bertan izan da. Bere esanetan, «oso pozgarria da Alpino Uzturrek zein nolako saltoa eman duen eta zein egitura sendoa osatu duen ikustea, taldea lehiakide indartsuz osatuta baitago, eta, lehen aldiz, estatuko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera izango dute».

Kolaboratzaileak eta babesleak

Proiektua aurrera ateratzeko, besteak beste, bost kolaboratzaile izango ditu aurten Azpino Uzturre Trail taldeak: Ioana Arbillaga podologia, Garai nutrizio eta errendimendu zentroa, Ekin fisioterapia, RD Socks eta Crown Sport Nutrition. Kolaboratzaileek deskontu eta promozio bereziak eskainiko dizkiete taldekideei haien produktu eta zerbitzuetan.

Bost kolaboratzaileez gain, batez ere, eta ezinbestean proiektu hau aurrera atera ahal izateko hiru babesle izango ditu aurten Alpino Uzturre taldeak: Oria Sport Wear, Asuncion Klinika eta Echeveste farmazia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!