150 txirrindularik parte hartu dute

Leyre Carrasco 2023ko urriaren 29a

Tolosako Olarrain auzoko Abraham Olano Peñak antolatuta, XXXIII. Abraham Olano Mendi Bizikleta Trabesia Herrikoia izan da goizean.

Ekaitz Izagirre antolatzaileak zehaztu bezala, «martxa bat da eta, beraz, ez da inongo sailkapenik egingo». Hortaz, Tolosako bideak ezagutu eta horietaz gozatzeko aukera izan dute goizean parte hartzera animatu diren 150 txirrindulariek. Ibilbide «polita eta egingarria» dela esan du Izagirrek, «maila altuko txirrindularientzat nahiz maila tekniko hain altua ez dutenentzat ere».

Ibilbide motza eta luzea zuten aukeran, Olarrain auzotik hasita, Urkizu eta Albizturko lurretan barrena. Hain zuzen, 9:30etan Olarrain auzotik atera dira eta Tolosako herrigunetik itzuli bat eman ondoren, Olarrainera itzuli eta hortik Korteta landetxera igo dira, eta handik Urkizu aldera. Ondoren, Dama-Iturrira jaitsi dira, eta berriro Kortetara itzuli eta Albiztur aldera joan dira. Ibilbide motza egin dutenek, zuzenean Urkizura igo dira, eta ibilbide luzea egin dutenek, berriz, Urkizura iristeko beste bide bat hartu dute Hernioko pistatik barrena. Ibilbide luzekoek 1.300 metroko desnibelarekin izan dute, 32 kilometroko ibilbidean; ibilbide motzekoek, berriz, 27 kilometro egin dituzte, 1.000 metroko desnibelarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!