Bi tolosar Espainiako Parkour Txapelketan

Ataria 2023ko urr. 27a, 20:11

Oihana Herrador bigarren geratu da abiadura proban, eta Adur Echart estilo libreko modalitatean finalera pasa da.

Aurreko asteburuan, Iruñeko Nafarroa Arenan Espainiako Parkour Txapelketa izan zen jokoan. Aurreko urtean bezala, aurten ere Adur Echart 14 urtetik beherako sailean finalera sailkatu zen eta bederatzigarren amaitu zuen freestyle edo estilo libre modalitatean; speed edo abiadura modalitatean hamargarren egin zuen eta 0,5 ehunenekogatik ez zuen lortu finalerako txartela. Oihana Herrador lehenengo aldiz aurkeztu zen txapelketara eta bigarren postua lortu zuen abiadura proban; estilo libreko modalitatean ez zen aurkeztu.

Abiadura modalitatean puntu batetik bestera ahal den eta azkarren zeharkatu behar dituzte hesiak eta zailtasunak. Bestalde, estilo librean, 70 segundo baino gutxiagotan txilinbuelta libreak egiten dituzte, mugimendu akrobatikoak moduluen gainetik jauzi eginez, hauen tartean trantsizio mugimenduak egiten dituzte performance bat izango balitz bezala gimnastika eta break dance estiloak nahastuz, eta gimnastika artistikoan bezala puntuazio bat ematen dute epaileek.

Halaber, aipatu behar lehengo urtetik hona, batez ere adin txikienen kategoriatan maila asko hobetu dela estilo librean, eta lehiakortasun handia zegoen. Echart, adibidez, lehengo urtean 11,5 punturekin sailkatu zen finalera eta aurten 14,00 egin izan behar zuen. Finalean ez zeukanez ezer galtzeko, Kork txilinbuelta berritzailea egiten saiatu zen baino gaizki atera zitzaion. «Beharbada entrenamendu falta, astean behin bakarrik eta kiroldegia itxita dagoenez ezin izan ditu teknika berriak garatu, hala ere asko hobetu dut urte batean», azaldu dute Echarten familiatik.

Parkourra 80. hamarkadan sortu zen Frantzian eta helburua kalean mugimendu libreak egitea zen. Azken urteetan egurrezko moduluak eta burdinazko barrekin zirkuituak garatu dituzte, nahiz eta jatorriko xedea jarraitu nahi duten, zirkuitu hauek segurtasuna bermatzen dute eta lehiakortasunak ikuskizuna hobetzen du. Gimnastikako federazioak bultzatu du kirol hori eta 2028an Olinpiar Jokoetan sartuko dutela diote. Madril, Bartzelona, Iruñea, Valentzia eta Granadan hedatzen ari den kirol bat da kirol elkarteen bidez, batez ere gazteen artean. Honela, Echart Iruñeko Backflyp kirol elkartean hasi da entrenatzen aurten, gimnastika artistikoko Javier Gomez entrenatzailearekin. 2012ko Londreseko Olinpiar Jokoetan finalean sailkatu zen Gomez.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!