Aurrekontu parte hartzaileen bozka fasea atzeratu du Tolosako Udalak

Ataria 2023ko urr. 27a, 16:00

Jasotako proposamen kopurua handia izan denez, guztien bideragarritasun azterketa tekniko-ekonomikoa egiteko denbora gehiago behar dute, eta horregatik, bozka emateko epea azaroaren 6tik 12ra bitarte egingo da.

Tolosako Udalak aurrekontu parte hartzaileetan jasotako herritarren eskaera edo proposamen kopurua behar bezala aztertzeko bozketa fasea astebetez atzeratzea erabaki du. Izan ere, udalak behar bezalako bideragarritasun azterketa tekniko-ekonomikoa burutu nahi du eta horretarako beharrezkoa da astebete gehiago izatea, jaso den proposamen kopurua kontuan izanik. Hori dela eta, azaroaren 6tik 12ra bitarte burutuko da bizilagunek bozka emateko epea.

Urtetik urtera handituz doa tolosarren inplikazioa eta parte hartzea herrigintzan eta horrela erakutsi du, oraingoan, 2024ko aurrekontua osatzeko udalak abian jarritako parte hartze prozesuaren lehen faseak. Hala, iaztik hona asko handitu da jasotako ekarpen kopurua, ia bikoiztuz. Zehazki 392 izan dira herritarrek egindako proposamen edo eskaerak, 123 aurrez aurrekoak eta 269 internet bitartez egindakoak. Pasa den urtean, aldiz, 213 eskaera jaso ziren.

Eskaera bideragarriak, bozketa fasera

Jasotako proposamen edo eskaera guztiak aztertzeari ekin dio udalak eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnak bozketa fasera pasako dira. Izan ere, aurten, handiagoa izango da herritarren erabakimena prozesu honetan: alde batetik, parte hartze bidez erabakiko den aurrekontua handitu da, 500.000 eurora; bestetik, tolosarrek zuzenean erabakitzeko eskumena izango dute.

Hori horrela, azterketa tekniko-ekonomikoa amaitutakoan, herritarrek egindako proposamenen artetik gogokoenak hautatuko dituzte azaroaren 6tik 12ra eta udal aurrekontuaren 500.000 euro horiek zein proiektuetara bideratu erabakiko dute.

Informazio saioa azaroaren 6an

Udalak informazio saio irekia antolatu du bozketa faseari hasiera emateko, eta proposamenen inguruan informazio gehiago nahi duten herritarren zalantzak argitzeko. Azaroaren 6an izango da kultur etxeko 2. solairuan, 18:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!