Tolosako Herritarren Batzarraren jarraipen saioa egingo dute azaroaren 4an

Ataria 2023ko urr. 27a, 11:57

Batzarkideek soilik hartu ahal izango dute parte; egun berean, Gipuzkoa irudikatuz saioa irekia egingo dute.

Tolosako Udalak tailer bikoitza antolatu du azaroaren 4rako. Batetik, 09:00etatik 10:00etara Tolosako Herritarren Batzarraren jarraipen saioa izango da eta batzarkideek soilik hartu ahal izango dute parte. Bestetik, 11:00etatik 12:30era, Gipuzkoa irudikatuz (Gi2030) saioa egingo dute; irekia izango da eta aurrez izena eman beharko da parte hartzeko.

Herritarren Batzarrean egindako prozesua aitzindaria izan zen Tolosan eta zozketa zibikoz aukeratutako 32 lagun, 40 orduz aritu ziren, 5 larunbatetan zehar banatuta, ongizatearen eta osasun emozionalaren inguruan hausnartzen, aditu eta arituen informazioa jasotzen lehenbizi eta jasotakoaren inguruan deliberatzen eta gomendioak lantzen, ondoren. 

2022an prozesua amaituta, 2023ko martxoaren 25eko azken saioan udal ordezkariek udalaren konpromisoak adierazi zizkieten batzarkideei. Orain, 6 hilabeteren ondoren, 2023 urterako aurreikusitako jarduerak zein fasetan dauden erakutsiko zaie.

Bestalde, Gipuzkoa irudikatuz (Gi2030) tailerra 11:00etatik 12:30era egingo dute. Irekia izango da herritar ororentzat, hau da, Tolosako Herritarren Batzarreko batzarkideek eta udaleko ordezkari politikoek hartuko dute parte eta, horrez gain, gaian interesa duten herritarrek ere parte hartu dezakete aurrez izena emanda gobernantza@tolosa.eus helbidean. Saioaren helburua izango da partaideek Ongizatea: osasuna eta zaintzak gaiaren inguruan hausnartzea eta hitz egitea.

Gi2030 EHUk bultzatutako ikerketa-proiektua da, eta administrazioaren, unibertsitate publikoaren eta Gipuzkoako herritarren arteko konexio-espazioak eskaintzea du helburu, lurraldeak 2030erako dituen erronkei buruzko ikuspegi partekatu bat eraikitzeko, herritarrek erakunde publikoekin duten harremanean arreta berezia jarriz. Horrela, prozesu hibrido honek aurrez aurreko tailerretako parte-hartzea eta Gi2030.eus plataforma digitaleko elkarreragina uztartzen ditu. Prozesuaren edukien haria ondoko 5 gai-eremu hauen inguruan egituratzen da: pertsonak, zientzia, klima, ekonomia eta ongizatea. Informazio gehiagorako 943 65 44 66 telefono zenbakira deitu ahalko da. Udaletik esan dutenez, tailerrean interprete-zerbitzua egongo da, eta, eskatzen bada, baita zeinu-hizkuntza interpretatzeko zerbitzua ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!