Arantxa Aranburu Arakamak irabazi du Tolosanklisk lehiaketa

Ataria 2023ko urr. 27a, 11:58

2024ko Tolosako egutegiaren azalak irabazlearen 'Kultura saretzen' argazkia izango du; 147 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara.

Urtero bezala, Tolosako Udalak 2024ko egutegia osatzeko Tolosanklisk lehiaketa egin du. Aurtengo gaia, Tolosa, kultur herria izan da, herrian kultur ekitaldiek duten garrantzia aitortzeko helburuarekin. Bada, epaimahaiak aukeratu ditu egutegia jantziko duten irudiak, eta irabazlea, hau da, azalean joango dena Arantxa Aranburu Arakamaren Kultura saretzen izan da. 

Aurtengo lehiaketara 147 argazki aurkeztu dira eta 80 lagunek hartu dute parte. Epaimahaiak azalerako argazkia, aukeratzeaz gain, urteko 12 hilabeteen argazkiak ere aukeratu ditu. Irabazleak 600 euroko saria jasoko du, eta gainerako irabazleek 200 euro.

Ondorengoak dira urteko 12 hilabeteen irudien ataleko irabazleak: Javier Ortiz Moreno Isidro Larrañaga Zuzendari Maisua lanarekin (urtarrila); Arantxa Aranburu Arakama Txarangen Igoera (otsaila); Javier Zabala Txarangak (martxoa);  Juanan Dorronsoro Ugartemendia Gure Zirkuaren Emanaldia (apirila); Unai Altolagirre Ormazabal Suaren gainean oihu eta irrintzi (maiatza); Xabier Liceaga Txistulariak eta Dantzariak (ekaina); Joseba Imanol Odriozola Tolosanblus (uztaila); Joseba Iturbe Erraldoiak (abuztua); Iñaki Otegi Arrospide Badator Erraldoia  (iraila); Juanma Goñi Sagarzazu El Pajarillo (urria); Javier Zabala Tolosako Abesbatza (azaroa) eta Miren Liceaga Santa Ageda Bezpera (abendua).

2024ko egutegiko  hilabete bakoitzak kultur ekintzei loturiko irudi bat jasoko du horrela, «kulturak herriari eta herritarrei ematen dien bizia islatzeko eta, aldi berean, kulturak egunerokotasunean duen garrantzia jasotzeko. Kultura baita, hain zuzen, Tolosaren  motor nagusietako bat, alaitasuna, giroa eta elkartasuna eskaintzen dizkiona».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!