Elkarrizketa

«Niri benetan entzutea gustatuko litzaidakeen musika egitea lortu dut»

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 26a, 08:00

'Pause' diskoa kaleratu berri du Xabier Zeberio artista tolosarrak; prozesu pausatu baten ondoren, bederatzi kantuz osatu du bakarkako lehen lana, Aitor Etxebarriaren laguntzaz. Tolosan abenduaren 28an aurkeztuko du.

Xabier Zeberio Etxetxipia (Tolosa,1978) musikari eta musikagileak bakarkako lehen lana kaleratu berri du: Pause. Bederatzi pieza berri biltzen dituen albuma da, Aitor Etxebarria ekoizlearekin eskuz esku landua. Emaitzarekin «oso kontentu» dagoela adierazi du; abenduaren 28an aurkeztuko du Leidorren.

Non du jatorria bakarkako lehen lan honek?

Prozesu nahiko luzea izan da. Azken urteetan Alos Quartet taldera bideratu dut nire sorkuntza, bertako formazioari lotuta. Konfinamendu garaian, guztiok barnera begira egon ginenean, lehendik sortuta nituen melodia berri batzuk partekatu nituen Aitor Etxebarriarekin. Berak bultzatu ninduen, maketa horietatik abiatuta, kantu berriak egin eta disko bat sortzera. Hasieran ez nuen batere argi ikusten, baina gogoa nuen nire sorkuntza lana laukoteko formaziotik kanpo zabaltzeko. Beste soinu batzuk lantzeko gogoa nuen, eta bide berri bat irekitzeko aukera eman dit.

Zer dela eta zenituen melodia horiek?

Nire sorkuntza lana beti dago lotuta sokazko instrumentuetara; kostatzen zait hortik ateratzea. Melodia horiek ez zeuden Alos Quartet taldearentzako pentsatuta; izan ere, antzerkirako edota dantzarako ere sortu izan ditut doinuak. Beti izan dut gustuko ideiez eta maketez betetako kaxoi bat izatea, zertarako balioko duten jakin gabe ere.

Zergatik Pause izena?

Batetik, pausa egoeran geunden garaian sortu zelako, konfinamendu betean; mundua hankaz gora jarri zen eta gure ohiko erritmoa geldiarazi ziguten. Bestetik, musika bera ere nahiko pausatua delako, nahiko lasaia; barnera begiratzeko momentu horiek bilatzea du helburu, eguneroko zurrunbilotik atera eta lasaitzeko bide ematea.

Nolako diskoa da?

Bederatzi kantu dira. Berez, gehiago grabatu ditugu, baina Aitorren eskuetan utzi dut nire musika. Maketa horietan zegoen esentzia bilatzen saiatu gara, eta destilazio lan handia egin behar izan dugu. Itxura batean sinplea dirudien arren, gauza konplikatua lortu dugu, elementu gutxirekin asko transmititzen duena, autentikoa.

Disko bat grabatu ohi dugunean, konposatutako melodia berriak entseatu ondoren, estudioan hiruzpalau egunetan grabatu ohi ditugu. Kasu honetan, prozesua luzeagoa izan da. Aitorrek guztiz atera nau konfort zonatik eta urtebetean grabatu dugu.

Prozesua bera ere pausatua izan da, beraz?

Guztiz. Hiru astean behin elkartzen ginen eta buelta asko ematen genizkien kantu guztiei. Ibilbide oso polita izan da, lasai egindakoa, presarik gabe. Ni pertsona oso inpultsiboa naiz, gauzak azkar lortu nahi dituen horietakoa, eta Aitorrek beste muturrera eraman nau. Kosta zait hori egitea, baita kantu asko diskotik kanpo uzteko Aitorrek hartutako erabakia onartzea ere. Hala ere, merezi izan du.

Zein helbururekin egin duzu diskoa?

Ez diot helburu jakin bat jarri nire buruari. Nire musika da, Alos Quartet taldean entzun ohi duguna, baina beste sonoritate bat du. Ez da hain folky-a, zinematografikoagoa da; beste mundu batera eramaten zaitu. Tradizioaren iturrietatik edaten duten bi kantu ditu, Non zira eta Agur terdi, baina beste eremu batera eramanda, jatorrizko kantutik tiraka hasi eta beste bide batzuk arakatzeko asmoz eginak.

Bereziki, niri benetan entzutea gustatuko litzaidakeen musika egiten saiatu naiz, eta lortu dut. Hori da zailena. Ni naiz lehenengoa jai giroan entzun ohi dugun musikaz gozatzen duena, baina beste musika mota bat egiteko beharra dagoela iruditzen zait. Musikaren bitartez beste sentimendu edo emozio batzuk izateko beharra dago, eta hori bideratzea izan da nire helburua.

Zer egin zaizu errazena diskoa lantzerako orduan?

Nire buruari askatasuna ematea, entzulearengan gehiegi ez pentsatzea; berak entzun nahiko lukeen hori lortzeko nire burua gehiegi ez behartzea. Ondorioz, egin nahi nuena egin dut.

Eta zailena?

Zure sorkuntza beste baten eskuetan utzi eta erabakitzeko eskumena ematea. Kosta zait, baina erabaki oso ona izan da.

Harkaitz Canok esan moduan, aditz laguntzailea besterik ez ote da zure musika?

Niri oso zaila zait nire musikaz hitz egitea, hitzez deskribatzea. Gainera, egokiagoa iruditzen zait hori kanpoko norbaitek egitea, eta horregatik eskatu nion berari, oso ondo ezagutzen baitu nire musika. Bere luma fin eta zorrotzak ederki azaltzen du diskoaren esentzia.

Kolaborazio berezien laguntza izan duzu diskoan, lagunak eta senitartekoak tartean.

Bakoitzak bere artea eta maitasuna jarri du diskoan. Musikari naizen aldetik, asko eskertzen dut askatasuna, eta horrelako musikariekin lan egiten dudanean, askatasun hori ematen saiatzen naiz, barruan duten guztia eman dezaten. Alos Quartet nire bizitza da, eta beraz, taldekideek ere diskoan parte hartzea nahi nuen.

Zeintzuk dira diskoa aurkezteko aurreikusita dituzuen emanaldiak?

Abenduaren 23an Gasteizko Aitzina Folk jaialdian egingo dugu emanaldia eta hilaren 28an Tolosako Leidor aretoan.

Diskoa aurkezten aritzeaz gain, bestelako kontzertuak ere egingo dituzu, ezta?

Hamaika saltsatan nabil, beti bezala. Udan Alos Quartet-ekin kontzertuak egin ditugu, eta datorren urtera begira ere zenbait proiektu ditugu eskuartean. Horrez gain, pelikuletarako eta telesailetarako soinu bandak grabatzen ari naiz. Esaterako, urte amaieran estreinatuko diren bi filmen musika grabatzen aritu naiz. Eta, Benito Lertxundirekin batera ere jotzen dut.

Besteak beste, soinu banda onenaren Goya saria irabazi zuen Akelarre filmean eta Intimidad eta El cuerpo en llamas telesailetan parte hartu duzu. Nolako esperientziak izan dira?

El cuerpo en llamas telesailean, Aitorrekin (Etxebarria) batera aritu naiz. Berak egin du musika eta esperientzia zoragarria izan da. Ondo moldatzen gara, eta bikote polita osatzen dugu. Artista hutsa da eta ikuspuntu berezia du musikaren inguruan. Asko gozatu eta ikasten dut berarekin.

La ermita eta Moscas pelikuletan ere parte hartu dut, eta El Hoyo filmaren bigarren zatiko musika ere grabatuko dut. Oso gustuko dut soinu banden parte izatea; mundu oso interesgarria da. Badu sorkuntza puntu bat, eta pelikula bakoitzaren atmosfera bilatzen zoaz, gauza berriak egiten; ez zara aspertzen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!