Azketa-Elizegi eta Apaolaza-Azpiroz bikoteak, aurrera

Ataria 2023ko urriaren 25a

Ogi-Berri Txapelketa Migel Soroa Oroimenezkoaren bigarren jardunaldia jokatu da.

Lehen mailan, Apaolaza-Azpiroz bikoteak garaipena lortu zuen I. Amiano eta Peñalverren aurka (22-12). Irabazleak oso ondo aritu ziren, eta galtzaileek ez zuten beraien egunik onena izan.

Elite mailako partida abiadura izugarrian jokatu zuten lau pilotariek, eta Beotibarrera gerturatutako pilotazaleek asko gozatu zuten. Azketak eta Elizegik irabazi zuten Landa-M.Lizeaga bikotearen aurka (22-17). Aipatu galtzaileak 15-11 aurretik egon zirela, baina irabazleak  partidari buelta ematea lortu zuten.

Larunbatean, hirugarren jardunaldiko partidak

Txapelketaren 3. jardunaldiko partidak jokatuko dira larunbatean, urriak 28, Tolosako Beotibarren, 17:00etan hasita. Jaialdiko lehen partida lehen mailakoa izango da eta partida oso parekatua espero da. I. Egiguren (Ilunpe) eta Garcia (Tolosa) gipuzkoarrek, Rekalde (Txumuluxueta) - Bernaola (Lea) bikote bizkaitarraren aurka jokatuko dute. Bernaolak Beloki (Gazteleku) pilotariaren ordez jokatuko du, azken horrek eskuak ez baititu ondo.

Elite mailako partidak ere oso itxura ona dauka. Aurrean bi errioxarrek jokatuko dute eta erritmo handia espero da aurreko koadroetan. Fernandez (San Cosme) - Apezetxea (Umore Ona) bikoak, Lerena (Najerino) eta Erasun (Behar Zana) bikotearen aurka jokatuko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!