Heriotzari «bere lekua» aitortzeko antzezlana

Aitor Arroyo Askarai 2023ko urr. 26a, 11:59

Antzezlaneko une bat: ezkerrean, Esther Carrizo antzerkigilea eta Araitz Bizkai musikaria, eskuinean. FOTO MARIAJE

Igandean, Amarozko Auzo Etxean egingo dute En tránsito, perdonen las molestias antzerkia; 12:00etan hasiko da eta gazteleraz izango da.

Bi antzezle oholtza gainean, eta pertsonaia bakarra, bien artean. Bundak diagnostiko garbia jaso du: hilzorian dago, eta eragozteko ezin da ezer egin. Haren kontzientzia da Mor pertsonaia, eta bien arteko elkarrizketak islatuko du Bundaren barneko gatazka. Ikuskizunean zehar ukapenetik amore ematerainoko ibilbidearen lekuko izango dira ikusleak, eta uneoro bidelagun izango dituzte denetariko emozioak.

Araitz Bizkai musikariak eta Esther Carrizo antzerkigileak gorpuzten dituzte bi pertsonaiak, eta bien ustez «sinpletasuna» da antzezlanaren gakoa: «Espresuki bilatu dugu obra sinplea izatea, horrek aukera ematen digulako publikoarengandik hurbil-hurbil egoteko». Hari berari tiraka, Bizkaiek pentsatzen du «berehala» lortzen dutela jendea lotzea: «Erabat biluztu gara publikoaren aurrean. Ez dago apaingarririk; gu bakarrik gaude: gitarra bat eta gure bihotzak».

Antzezlana heriotzari buruzkoa bada ere, bizitzari «garrantzia handiagoa» ematen diotelakoan dago musikaria. Uste berekoa da Carrizo ere, eta gehitu du «deigarria» iruditzen zaiola gizarteak «heriotza baztertu» izana: «Heriotza bere lekuan jarri nahi izan dut: bizitzaren erdian». Bide beretik, heriotzari buruz «lasaitasunez solas egitea» da egilearen helburuetako bat.

EZ KOMEDIA, EZ DRAMA
Antzerkigilearen aita lau hilabetez gaixo egon ondoren zendu zen, eta gertakari haren ondotik lanaren gidoi osoa «bat-batean» idatzi zuela kontatu du: «Lan honekin azaldu nahi nuen nolakoa den hilzorian dagoen pertsona baten eta haren kontzientziaren arteko elkarrizketa».

Zenbait unetan umorea erabiltzen badute ere, biek ala biek azaldu dute antzezlana ez dela «ez komedia, ez drama». Kontrara, «emozioz jositako» istorioa omen da; bien hitzetan, «egunerokoa eta bizitza» bezala.

Musikak ere rol garrantzitsua du antzerkian. Bizkairen ustez «eragin sakona» du istorioarekin batera, eta «asko laguntzen» du lanean zehar emozioak baretzen eta eraldatzen. Era berean, «garrantzia handia» eman diete hitzei zein poesiari ere, eta modu «gordinean» bezain «maitagarrian» erabili dituzte haserrea, umorea, tristura eta beste hainbat emozio adierazteko. Antzezlanetik jendea «mugituta, baina goxo» ateratzen dela ere kontatu dute. Beste hitz batzuetan esanda, publikoarengan «eragin sakona» du, baina ez omen da «behartua», aitzitik, «denentzat lagungarria» dela uste dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!