San Frantzisko pasealekuan egingo dute Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoa

Ataria 2023ko urr. 26a, 10:44

Iaz 22 bikotek hartu zuten parte eta irabazleak Juan Mari Aramendi eta Gema Aramendi anai-arrebak izan ziren, seigarrenez. IRATI SAIZAR

Gure Kaiola elkarteak Tolosako Babarrunak hobekien kozinatzen dituen bikotea sarituko du, 35. aldiz; azaroaren 18an, larunbata, izango da lehiaketa, lehen aldiz, San Frantzisko pasealekuan.

Aurten ere, Gure Kaiola elkarteak Tolosako Babarrunak hobekien kozinatzen dituen bikotea topatzeko lehiaketa gastronomikoa antolatu du Babarrunaren Festaren baitan. Azaroaren 18an, larunbata, izango da Tolosako Babarrunaren Lehiaketa Gastronomikoaren 35. edizioa. Aurten, estreinakoz, San Frantzisko pasealekuan egingo dute txapelketa.

Lehiaketan parte hartzeko izen ematea dagoeneko irekita dagoela jakinarazi du elkarteak. Bi modutara egin daiteke izen ematea: 605 426 533 telefono zenbakira WhatsApp mezu bat idatziz edo gurekaiola@hotmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz. Epea azaroaren 9a izango da. Gehienez 20 bikotek parte hartuko dute eta pasealekuan bertan jarriko dituzten postuetan kozinatu beharko dute Oiartzungo Joxe Mari Aranbururen babarruna (azken edizioan ekoizle lehiaketan txapeldun izandakoa). Izena emandako lehiakideen kopurua plaza erabilgarriena baino handiagoa bada, zozketa egingo da Gure Kaiola Elkartean azaroaren 10ean, ostirala, 20:00etan.

Sariei dagokienez, bikote irabazleak 400 euro, txapela eta produktu-sorta bat irabaziko ditu, txapeldunordeek 200 euro eta produktu-sorta bat irabaziko dituzte, eta hirugarren sailkatzen den bikoteak 100 euro eta produktu-sorta bat irabaziko ditu.

Honako hauek izango dira lehiaketaren oinarriak:

  1. Lehiaketa Tolosako San Frantzisko pasealekuan izango da.
  2. Parte hartzaile bakoitzak kilo bat babarrun prestatu beharko du.
  3. Antolatzaileek emango diete babarruna parte hartzaileei. Tolosako Udalak antolatutako Tolosako Babarrun Ekoizleen Lehiaketan lehengo urtean saritutako ekoizlearena izango da babarrun hau. Kasu honetan, Oiartzungo Joxe Mari Aranbururen babarruna.
  4. Nahi adina osagai erabili daitezke, betiere babarruna nagusitzen bada. Prestatzerakoan erabilitako osagaiak bakoitzaren kontu izango dira.
  5. Parte hartzaileek Tolosako San Frantzisko Pasealekuan bertan kozinatu beharko dute babarruna, goizeko 8:30etik aurrera, bertan jarriko diren sukaldeetan.
  6. Prestatutako babarrunak aurkezteko ordua: 12:30.
  7. Babarrunak lehiakideei itzuliko zaizkie epaimahaiaren erabakiaren ondoren.
  8. Gehienez 20 bikotek parte hartuko dute lehiaketan (izendapen askeko 2 bikote barne, bat Tolosako Udalaren aldetik eta beste bat Gure Kaiola Elkartearen aldetik).
  9. Izena emandako lehiakideen kopurua plaza erabilgarriena baino handiagoa bada, zozketa egingo da Gure Kaiola Elkartean azaroaren 10ean, ostirala, 20:00etan.
  10. Zozketaren ondoren, antolakuntza lehiakideekin harremanetan jarriko da izen-ematea baieztatzeko. Baieztapen hori egin ahal izateko, lehiakideek, izena ematerakoan, lehiakide-bikotearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa adierazi beharko dituzte.
  11. Izena emateko epea azaroaren 10ean, ostirala, 00:00etan amaituko da.
  12. Arauak errespetatzen ez dituen oro deskalifikatuko da.
  13. Epaimahaiaren erabakia apelaezina izango da.
  14. Sariak: 1. saria: 400 euro, txapela eta produktu-sorta bat. 2. saria: 200 euro eta produktu-sorta bat. 3. saria: 100 euro eta produktu-sorta bat.
  15. Parte hartzeko izen ematea WhatsApp bidez (605 426 533 zenbakian) edo gurekaiola@hotmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz egingo da.
  16. Oharra: Sari banaketaren ondoren, bikote lehiakide guztiak Gure Kaiola Elkartearen lokalean (Santa Maria kalea, Tolosa) ospatuko den bazkarira gonbidatuta daude. Bikote lehiakide bakoitzak beste bi lagun eraman ahal izango ditu. Azken bi hauetako bakoitzak 25€ko ordainketa egin beharko du.

Urtero modura, Tolosako Udalaren, Babarrunaren Kofradiaren eta ekoizleen ekintzekin osatuko da perla beltzaren inguruan elkarlanean antolatzen duten egitaraua. Guztiek batera, aurrerago aurkeztuko dute, festa iritsi aurretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!