Emaitzak ez dira joko onari laguntzen ari

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 25a, 11:58

2023/2024 denboraldiko Redline Mekanika TAKE taldea.

Redline Mekanika TAKE saskibaloi taldea EBA Ligan lehiatzen ari da eta lehen lau partidak galdu egin ditu.

Aurreko denboraldian EBA Ligara igoera lortu zuen Redline Mekanika TAKE gizonezkoen saskibaloi taldeak eta liga hasiera aldapa gora jarri zaio emaitzei dagokionez, lehen lau partidak galdu egin baititu. «Oso ondo lehiatzen ari gara. Lau partidak galdu ditugu, azken biak hiru puntugatik, eta, beraz, garaipena oso gertu dugu», esan du Goar Artetxe entrenatzaileak. «Liga hau oso exijentea da eta xehetasun txikietan ez gara asmatzen ari, baina oso kontentu nago egiten ari garen lanarekin eta badakit lehenago edo beranduago garaipena iritsiko dela». Lehen garaipen hori falta zaiela gaineratu du, «konfiantza eta lasaitasun pixka bat» emateko taldeari.

Zenbait aldaketa izan dituzte taldean. Bajen aldetik, Manex Sorarrain eta Euken Huici Erasmus programaren bitartez kanpora joan dira ikastera, eta Miguel Cruz kapitainak ez du jarraitzen taldean lan kontuengatik. Bestalde, bi jokalari nafar fitxatu dituzte, Pau Elso joko antolatzailea eta Nacho Vicuña pibota. Horiez gain, berriro itzuli da Beñat Azaldegi tolosarra taldera. «Lander Lasa beteranoak jarraitzen du eta beste guztiak oso jokalari gazteak dira, eta liga hasiera honetan hori ere antzematen da», zehaztu du Artetxek.

Helburua maila mantentzea dela esan du entrenatzaileak. «Ligan hamalau talde daude eta maila lau taldek galtzen dute. Hamalautik lau jaistea asko da, eta igo berri den talde batentzat oso zaila da maila mantentzea», zehaztu du. «Hasiera ona izan da jokoaren aldetik, baina emaitzak ez ditugu alde». Apirilera arte 22 partida geratzen direla ekarri du gogora eta horietatik erdiak irabazi beharko dituztela mailari eusteko.

Usabal kiroldegia itxita izanik, denboraldi honetan Beasaingo kiroldegian ari dira entrenatzen eta etxeko partidak jokatzen. «Eskertzen diogu BKL klubari bertara entrenatzera joaten uzten digutelako, baina gure etxea Usabal kiroldegia da, eta etxean jokatzea abantaila izaten da edozein mailatan», dio Artetxek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!