ELKARRIZKETA

«Nire nahia da nire gaitasunak komunitatearen zerbitzura jartzea»

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 29a, 07:58

Nerea Elosegui Ariznabarreta. J. MIRANDA

Askotan zertan aritzen den ulertaraztea kosta egiten zaion arren, pasioz komunikatzen du Nerea Elosegui Ariznabarretak (Tolosa, 1996) bere ofizioa. Ekintzaile eta lider bezala gizarteari egiten dion ekarpena pertsonalki osatzen du hainbat arlotan boluntario arituz.

Bere buruaz dio diziplinatua dela, eta atsegin duela jendearekiko tratua; arlo askotan eragiteko aukera ematen dio bere lanbideak.

Leinn Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasketak egin zenituen Mondragon Unibertsitatean. Zergatik aukeratu zenituen ikasketa horiek?

Zalantza egin nuen betiko Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzako gradua egin edo Leinn ikasketak burutu. Ikasketa horiei heldu nien azkenean, oso ondo jakin gabe zer zen. Familiak ere bazuen beldurra, gradu berri xamarra zelako orduan, eta ez genielako ondo zein irtenbide profesional izango zuen. Babestu ninduten, ordea, eta ez naiz damutzen aukera hori egin izanaz, esperimentatzeko aukera handia izan baitut ikasketek iraun duten bitartean. Iruditzen zait oso testuinguru ezberdinetan aritzeko aukera izan genuela lau urte horietan, eta horrek norbere burua gehiago ezagutzeko bidea ematen duela. Bizi esperientzia bezala aberasgarria izan zen, eta taldean oinarrituta ekintzailetza nola egiten den ikasi genuen.



Zuen gaitasunak hobeto ezagutzeko aukera izan duzuela aipatu duzu. Zeintzuk dira zureak?

Alde batetik, antolakuntza, oso konstantea eta diziplinatua naiz. Lidergoa hartzea ahalbidetzen du horrek, adibidearekin lideratzea alegia. Proiektu bat bere helburura iristeko, taldekide guztien baliabideak aztertu eta antolatzeko modu egokiena zein den antzemateko gaitasuna dudala esango nuke. Bestalde, pertsonekin lan egitea asko gustatzen zait. Ez bakarrik nire lankideekin, proiektuetan ezagutzen ditudan pertsonekin oso gertuko harremana izaten saiatzen naiz.



Behin ikasketak amaituta, denbora laburra eman zenuen lanik gabe. Berehala hasi zinen Fundación Emplea entitatean lanean. Zer da fundazio hau?

Entitate pribatu bat da, Espainiako Estatu mailan lanean dabilena duela 15 urtetik hona. Berez fundazioa Alacanten (Herrialde Katalanak) sortu zen. Fundazioaren presidentea zenak, ezgaitasuna duten pertsonak lan mundura sartzeko eredu berri bat landu zuen. Helburu horrekin hasi zen, baina zaurgarriak diren kolektiboetara zabaltzen joan da pixkana, hori bai, fundazioak bere DNAn beti eraman du berrikuntza. Gaur egun 22 proiektu inguru koordinatzen ditugu. Kolektibo zaurgarrien enplegu eta enplegagarritasun hobekuntzan egiten dugu lan. Kolektibo ezberdinak hartzen ditugu kontuan: etorkinak, gazteak, denbora luzea langabezian daramaten pertsonak... Enplegu ibilbide ezberdinak diseinatzen ditugu, eta ingurunea hobetzen saiatzen gara. Ingurunea esaten dugunean lurralde garapenaz ari gara, eta esparru horretan aukera bezala ikusi dugu landa eremuaren despopulazioa.

Zein da zure egitekoa fundazioaren barruan?

Gurea oso entitate txikia da. Hamar lankide gara eta ni zuzendaritzako kidea naiz. Lau lagun ari gara zuzendaritzan eta lau kide horietako bik proiektuak koordinatzen ditugu. Nik 13 egitasmoren gaineko ardura daramat. Bezeroekin harremanak izan, bisitak egin, eta egitasmo bakoitza daraman taldea antolatzen dugu koordinatzaileok. Finantzazio bilaketa eta berrikuntza aplikatzea, horiek dira gure ardura nagusiak. Proiektu guztiak entitate pribatu eta publikoen arteko lankidetzan daude oinarrituta.


San Martin Unxen abian du proiektuetako bat Eloseguik. ATARIA


Zein motatako proiektuak landu dituzue esate baterako?

Hain zuzen, despopulazioaren harira, Nafarroako San Martin Unx herrian hasi ginen duela bi urte lanean. Vivid, Ardoa, ardogintza eta despopulazioa egitasmoarekin. Despopulazioari aurre egiteko proiektu batek epe erdi-luzera begiratu behar du, eta helburu nagusi horri erantzuteko proiektu txiki gehiago sortu dira bidean. Izugarrizko dimentsioa hartu du, eta sari asko eskuratu ditu urte hauetan guztietan. Adibide bat jartzearren, zergatik ez erabili kultura despopulazioaren aurka egiteko palanka gisa? Iaz musika festibal bat antolatu genuen, eta den-dena herrian dauden negozio ezberdinen bitartez gauzatu zen. Ardoa da hango motorra, eta ikusi dugu musika festibal batek nola mugitu dezakeen tokiko ekonomia, eta nola inplikatu herri oso bat. San Martin Unx mapan jartzeko baliagarria izan zaigu.

Josi eta Josi Tolosaldean izeneko egitasmoa ere abiatu duzue. Arrakasta izan duen ekimena dela esango zenuke?

Bai. Gipuzkoako Foru Aldundiak kolektibo zaurgarriei bideratutako enplegu programak dauzka. Bakoitza norbere aldetik ibili beharrean, sarean funtzionatu nahi da hemendik aurrera. Tolosaldea Garatzenen bitartez, bost entitate bildu eta ikusi genuen emakume asko daudela bizitza osoan zehar josi dutenak, baina ez dutenak profesionalizatzeko, eta beraz, lan merkatuan sartzeko aukerarik izan. Gurean, gainera, badaude ehungintzan dabiltzan enpresa eta saltokiak, eta ikusi genuen hor bazegoela nondik heldu; enpresa horiei eskulana topatzea kosta egiten zaie askotan. Inmakulada Lanbide Heziketa Ikastolaren bitartez joskintza ikastaro bat ofizialki homologatu ahal izan genuen, eta egitasmoan sartu dira Zu ta ni eta Jatorkin bezalako elkarteak, zeintzuetan profil honetako erabiltzaile asko dabiltzan. Urtarrilean hasi genuen lehen edizioa, eta nagusiki emakume musulmanek eman dute izena. Denek gainditu dute zati teorikoa, eta orain praktikak egingo dituzte azaroan. Arrakasta ikusita, Josi eta Josi Tolosaldean proiektuaren bigarren edizioa martxan jarriko da azaroan. Emakume hauek ehun produktiboaren parte izatea oso gauza garrantzitsua da, posizionatzen laguntzen baitie gizarte honetan.

Zer-nolako laguntza ematen diezue parte hartzen duten emakumeei?

Fundación Empleatik proiektua prestatu eta forma ematen lagundu dugu. Kontuan hartu behar da emakume hauek ez daudela eskolatuta, eta beraz, goizero-goizero, zortzi hilabetez eskoletara joatea, eta diziplina hori mantentzea hasieran kosta egiten zaiela. Ez da bakarrik josten jakitea edo makina industrialak maneiatzen jakitea, lanerako prestutasun hori landu beharra dago. Talde kohesioa eta elkar ezagutza lantzeko proiektuaren hastapenean hartu genuen parte eta orain praktikak hasi bezperetan ere bultzada hori ematen lagunduko dugu. Elkar ezagutza eta talde kohesioa lantzen ditugu, euren buruarekiko hautemate positiboa izan dezaten eta lanerako gai senti daitezen, autokonfiantza landu dezaten. Nola egiten dugun? Bada kalera ateraz eta kanpoko eragileekin lankidetzan arituz. Modu horretara ikasleen kreatibitatea eta talde lana bultzatzen ditugu, eta komunikazioan eragiteko euren proiektuaren aurkezpen publiko bat egitea proposatzen diegu. Konturatu gabe merkatuan hain garrantzitsuak diren gaitasunak lantzen dituzte: lidergoa, planifikazioa eta talde lana.

Zure lanarekin gizarteko sektore zaurgarrienak laguntzen dituzula sentitzen duzu?

Horren inguruan beti dago eztabaida. Norbait laguntzen ari zarela esaten baduzu, badirudi gizarteko toki batean ari zarela posizionatzen. Salbatzaile bagina bezala agertzen gara, eta niri ez zait horrela denik iruditzen. Uste dut denok dugula laguntza emateko eta jasotzeko premia. Denok gara neurri batean kolektibo zaurgarri bateko parte gaur egun. Gizarte ekintzan aritzea bideratzaile lana egitea da, lankidetzan aritzea eta, nire kasuan ekintzaile gisa, eragitea. Egitasmoak martxan jartzen laguntzen dut, bultzatzaile bezala nabil oso diferenteak diren arloetan.

Oso lotua al da zure lana?

Moldatzen naiz. Hori da fundazioan dugun erronka handienetako bat. Hasi nintzenean mugarik gabe, ordutegirik gabe aritzen nintzen. Lan egiteko beste kultura berri bat bilatzen ari gara orain. Fundación Emplean kolektibo zaurgarrien enplegagarritasunaz aritzen gara, eta inkoherentea izango litzateke bertako langileok lan baldintza duinetan ariko ez bagina. Dena den, hainbeste gustatzen zait nire lana, ez zaidala gehiegi kostatzen orduak sartzea. Malgutasun handia daukagu lanerako, eta lehen esan bezala, antolatua naizenez, lortzen dut nire bizitza profesionala bizitzako beste arlo askorekin uztartzea. Bizitzako beste arloei saiatzen naiz bere espazioa ematen eta oreka mantentzen.

Zure kezka pertsonalak eta zure lanbidea uztartzeko aukera izaten duzu?

Bai. Beti izan dut kezka soziala. Pandemia garaian, Auzolanean Tolosa izeneko boluntario taldea osatu zen, eta talde motorrean parte hartu nuen; eta orain, Zu ta ni egitasmoan ere boluntario bezala nabil tarteka. Nire aitonak, Antxon Elosegik, herriko kulturarekin lotura handia izan du, eta beti izan da ekintzailea. Dauzkadan balioak eta gizartearekiko ikuspegia, neurri handi batean, berari zor dizkiot. Elkarrekin proiektu asko egin ditugu, eta niretzat ekintzaile gisa erreferentea da. Egiten ditudan gauza askoren zentzua aitonarengan ikusten dut. Nire nahia da nire gaitasunak komunitatearen zerbitzura jartzea, bai profesionalki, baita pertsonalki ere.

 

«Dauzkadan balioak eta gizartearekiko ikuspegia, neurri handi batean, aitonari zor dizkiot»



Uste duzu aitortza duela zuk egiten duzun lanak?

Bai. Nire inguruan bai behintzat, nahiz eta kostatzen zaien askotan zertan aritzen naizen ulertzea. Oso baloratua sentitzen naiz, jende askok ikusten ditu nire gaitasunak, eta batez ere, ikusten du zenbat disfrutatzen dudan nire lanarekin. Emaitzak ere agerikoak dira, eta horrek laguntzen du. Aurten lehen aldiz, Inspira Gazteak saria antolatu ditu Kutxak. Bost kategoria ezberdin bereizi dituzte, eta gizarte ekintzari dagokionean, finalista izan naiz. Ez nuen irabazi, baina egindako bidearen errekonozimendu bezala ulertzen dut hautagaitza hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!