Habiak eraiki eta kokatuko dituzte Tolosan

Ataria 2023ko urr. 24a, 19:58

Ner group elkarteak antolatu du txorien habiak eraikitzeko tailerra, biodibertsitatean eragiteko helburuz; larunbat goizean egingo dute.

Ner group elkarteak bultzatuta, txorien habiak eraikitzeko tailerra egingo dute larunbatean Tolosan, eta ondoren toki egokietan zintzilikatuko dituzte. Ekintza horrekin, biodibertsitatean eragin nahi dute, izan ere, Ner groupek azaldu duenez, biodibertsitateari buruzko azterlan eta ikerketek hegaztiek gaur egun hiri-inguruneetan habiak egiteko dituzten arazoez ohartarazten dute. «Arazo horrek gure herri eta hirietan ikusten dugun hegazti-kopurua txikitzea dakar, eta ingurumen-politikek esku hartzeko eskatzen dute, arazo hori ahalik eta gehien txikitzeko helburuz». Ner groupetik ohartarazi dutenez, Europan 250 milioi txolarre desagertu dira azken hamarkadan.

Ner groupetik diotenez, hiri-garapenak hegaztien habitat naturalak suntsitzea edo aldatzea ekarri du. «Baso-soiltzeak, eraikinak eraikitzeak eta berdeguneak zolatzeak habia egiteko leku egokien erabilgarritasuna murriztu dute». Hiriguneetan, hegaztiek habiak egiteko leku naturalik ez dagoela diote: «habiak egiteko zuhaitz eta zuhaixka egokiak mugatuak dira, eta hirigune askok ez dute horrelakorik. Gainera, egitura artifizialek, hala nola eraikinek, ez dituzte hegaztiek habia egiteko beharrezko baldintzak betetzen».

Hala, txorien habiak eraikitzeko orain dela garaia diote, «izan ere, hilabete gutxi barru hirietan dabiltzan txoriek euren habiak eraikitzeko bilaketan hasten direnean, habi-kutxa hauek aurkitu ahalko dituzte». Tailerra herritar guztiei zuzendua dago, eta  boluntarioen lan-talde batek beharrezkoa den materiala eskura jarriko du, denen arten hainbat habi-kutxa eraikitzeko. Tailerrean parte hartu nahi duenak larunbatean, Tolosako Alondiga plazara agertu beharko du, 10:30ean.

Ner group elkarteak, une honetan, EAEko hamasei enpresa-erakunde biltzen ditu, 1.000 pertsona inguru biltzen dituztenak. Ner group osatzen duten erakundeek «gizarte-konpromiso eta inplikazio handia» dute ingurunearekin; 2010. urtetik, Ner group-eko jarduerak abian jarri zituztenetik, 196 proiektu jarri dituzte abian, horietatik % 85 Euskal Herrian garatzen dira, eta gainerakoak garapen bidean dauden herrialdeetan. Guztira 3.771 boluntariok parte hartu dute proiektu horietan, eta 2 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!