Harituz 10 urte

Bertsoz gauzatu nahi dute entsegua

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 28a, 07:58

Hernaniko Errugbi Elkarteko inklusio taldeko jokalariak partida bat amaitu berritan, aurkariak agurtzen. HERNANIKO ERRUGBI TALDEA

Hernani Errugbi Elkarteko inklusio proiektuak, Harituzekin elkarlanean, Inklusio bultzada bertso jaialdia antolatu du, iganderako, Tolosako Leidor antzokian; sei bertsolari ariko dira kantuan, 12:00etatik aurrera, proiektua herritarrei ezagutarazi eta ate berriak zabaldu asmoz.

Hernani ezaguna da bertako sagardotegiengatik, industriagatik, baina baita errugbiagatik ere. Bertako errugbi elkartea 1965. urtean sortu zen eta 1977-78an egin zuen debuta Espainiako Ohorezko Mailan. Hamar urtez mantendu zen maila gorenean, lau urtetan Ligako txapeldunordea izan zelarik.

Hala ere, taldea zerbaitegatik nabarmendu bada, harrobiarekin egin duen lanagatik izan da, baita inoiz errugbia praktikatuko ez zutela pentsatzen zuten zenbaiti horretarako aukera emateagatik ere. Izan ere, duela zortzi bat urte, inklusio proiektua jarri zuten martxan klubeko zenbait kidek, urritasuna duten pertsonek ere errugbia ezagutzeko eta praktikatzeko aukera izan zezaten. Ordutik, urritasuna duten, eta ez duten pertsonek elkarrekin jokatzeko aukera dute Hernanin. Adinari dagokionez, ez dute inor bereizten. Jokalari gazteenak 14 urte ditu; zaharrenak, berriz, 60. Guztiok batera entrenatu eta jokatzea da beraien helburua.

Jon Insausti izan zen sortzaileetako bat, eta gaur egun bera da proiektuko arduraduna. Inklusio taldea sortu baino urtebete lehenago, Gasteizko Gaztedi errugbi taldeak Bristolen (Ingalaterra) inklusio mailako munduko txapelketa jokatu zuela iragartzen zuen erreportaje bat irakurri zuten Berria egunkarian. Errugbian ahal bada... zioen titularrak, eta ondorengoa pentsatu zuten Insaustik eta bere taldekideek: «Gaztedin ahal bada, Hernanin zergatik ez?». Pentsamendu hura izan zen lehen bultzada. «Ondoren, Gaztedi taldeko kideekin elkartu ginen, proiektuari buruz hitz egiteko, eta beharrezko informazioa jasotzeko; pare bat entrenamendu saio ere ikusi genituen», gaineratu du Insaustik.

Ondoren, Gipuzkoa eta Euskal Herria mailako erakunde desberdinekin lehen kontaktuak izaten hasi ziren hernaniarrak. «Proposamena aurkeztu genien, eta hilabetean behin elkartzen hasi ginen. Sekulako arrakasta izan zuen; ia ehun lagun bildu ginen lehen topaketetan. Beranduago, zerbait serioagoa nahi genukeela eta, bilera gehiago egiten hasi ginen, eta azkenean, ondorioztatu genuen talde txukun bat sortu nahi izanez gero, astero entrenatu beharko genuela». Duela bost bat urte hasi ziren asteroko entrenamenduak. Konpromiso maila areagotzeak taldea txikitzea ekarri zuen, baina horrela, taldea finkatzea lortu zuten.


Duela zortzi bat urte sortu zuten inklusio proiektua Hernanin. HERNANIKO ERRUGBI ELKARTEA


Beranduago heldu zen entrenamenduetan landutakoa partidetan erakusteko ordua. «Getxon eta Bilbon beste talde bana sortu ziren, eta beraien aurka jokatzen hasi ginen. 100 kilometroren bueltan lau talde izatea ikaragarria zen. Duela pare bat urte Iruñean sortu zuten talde bat, eta geroztik Euskal Errugbi Federazioaren laguntzarekin, Bultza Liga izeneko txapelketa bat jokatzen dute bost taldeek; hamar jardunaldiz osatutako liga da. «Gaur egun, Arrasaten ere badago talde bat sortzeko proiektua. Ez dago aipatutako liga horretan, baina hiruzpalau urte daramatzate lanean. Azkenik, Ordizian ere hasi dira topaketak antolatzen».

Euskal Herritik kanpo ere jokatu dituzte partidak, hala nola, Almerian, Valladoliden eta Asturiasen. «Jokalariek talde eta leku berriak ezagutzea nahi genuen». Hori dela eta, urtero bizpahiru bidaia egiten saiatzen gara». Denboraldi honetan, oraingoz, Cuyeran (Valentzia, Herrialde Katalanak) izan dira. Hala ere, amets handi bat du taldeak: urteren batean Ingalaterrara bidaiatzea.

Gaiak, bizipen pertsonaletatik

Bidaia hori egiteko, ametsa egia bihurtzeko, taldearentzat ezinbestekoa izango da norbanako, eragile zien erakundeen babesa. Horrela, igande honetan, Tolosako Leidor aretoan, Inklusio bultzada bertso jaialdia egingo dute, 12:00etan hasita. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi ariko dira kantuan, Unai Elizasuk gaiak jarrita. Arzallusek, Irazuk eta Ibarzabalek aurten bigarrenez egingo dute topo Leidorren; urtarrilean, Ataria-ren bertso jaialdian aritu ziren kantuan hirurak.

Arzallusek, Irazuk eta Ibarzabalek aurten bigarrenez egingo dute topo Leidorren; urtarrilean, 'Ataria'-ren Bertso Jaialdian aritu ziren kantuan hirurak 



Hernaniko taldeak, aurten 10. urteurrena betetzen ari den eskualdeko Harituz Bertsozale Taldearen laguntza izan du saioa antolatzeko. Dagoeneko sarrerak eskuragarri daude Leidorreko ohiko salmenta sisteman (Kutxabanken webgunean eta leihatilan). Sarrera bakoitzaren prezioa hamabi eurokoa da.

Agin Laburu bertsolari hernaniarra gertukoa du Insaustik, eta 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko buruz burukoan, kartzelako lanean, inklusio taldeari egin zion erreferentzia Laburuk. «Oso gertutik bizi izan dut proiektua, eta bat-bateko lanean aritu izan naizenean, gaiaren inguruan aritu izan naiz, inklusioari ikusgarritasuna eman ahal izateko», esan du bertsolariak.

Orain arte, ikusgarritasuna neurri txikian eman diotela adierazi du Laburuk, eta horregatik, bertso jaialdi berezia antolatzea erabaki dute. «Inklusioa zehar-lerro oso interesgarria izan daiteke bertso jardunean ere; normaltasuntzat jo beharko genuke, berdintasuna lantzen dugun guztiontzat hau ere gai oso interesgarria da, eta jaialdi honetan lehen lerroan egotea gustatuko litzaiguke. Inklusioak bultzada bat merezi du, eta bertsolaritzak laguntza handia emango dio zentzu horretan», azaldu du Laburuk.

 

Ezgaitasunen bat duten pertsonen edo esparru horretan lan egiten duten profesionalen larruan jarriko dira bertsolariak



Jaialdi berezia izango da. Izan ere, ezgaitasunen bat duten pertsonen, haien senideen, edo esparru horretan lan egiten duten profesionalen larruan jarriko dira bertsolariak. Aniztasun funtzionala duten pertsonek gizarteratzeko dituzten oztopoak edo zailtasunak agerian jartzea izango da saioaren helburua. Bertsotarako gai guztiak Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioaren, Gautenaren, Pausoka Elkartearen, Atzegiren, Marea Urdinaren eta Uliazpiren erabiltzaileen, senideen edo profesionalen bizipen pertsonaletatik atera dituzte. «Esparru desberdinetako herritarrak biltzeko aukera paregabea izango da. Ezgaitasunez hitz egiteaz gain, kirolaz ere ariko gara, eta hori guztia, punta-puntako sei bertsolariren ahotsarekin eta buruarekin», esan du Insaustik.



Hernanitik Tolosaldera, eta mundura

Beraz, inklusioaren gaiari bultzada eman asmoz dator bertso jaialdi hau. «Kiroletik harago, aisialdia ere inklusiboagoa egitea da gure asmoa. Inklusioa errugbi zelaitik kanpo atera, eta gizarteratzea da gure asmoa, plazara ateratzea». Aurreko urteetan bestelako ekintzak antolatu izan dituzte, besteak beste, sentsibilizazio saioak, mahai-inguruak eta Telmo Iruretaren bakarrizketa. Igande honetako bertso jaialdiak ere helburu bera du. «Inklusioa ez dadila zelaian geratu, eta herritarrek ere izan dezatela gure proiektuaren berri».


Urtarrilean egindako Ataria Bertso Jaialdiko une bat. N.R.A.


Kokapenari dagokionez, berez zentzuzkoena Hernanin egitea izango litzakeela aitortu du Insaustik. «Baina ez genuen areto egokirik topatzen, eta Leidor antzokiari buruz oso ondo hitz egin ziguten. Tolosako Udalarekin eta Harituz Bertsozale Elkartearekin harremanetan jarri ginen, eta lehen momentutik izandako harremana paregabea izan da. Horrez gain, Hernanitik kanpo inklusioari buruz hitz egiteko, eta gure proiektua ezagutarazteko aukera ederra genuela jabetu ginen. Guretzako ere apustu sendo bat da gure herritik kanpora ateratzea».

 

Duela urtebete, Laboral Kutxaren eskutik, 'Bada beste modu bat' Bikaintasun Saria eskuratu zuen Hernaniko inklusio proiektuak



Arestian aipatu moduan, Hernaniko Errugbi Taldeak urteak daramatza errugbi inklusiboa lantzen eta garatzen, eta duela urtebete, Ser irrati kateko entzuleek aukeratuta, Laboral Kutxaren eskutik, Bada beste modu bat Bikaintasun Saria jaso zuen. «Ekitaldi berean, Hilario Arbelaitz sukaldariak, Julen Aginagalde eskubaloi jokalariak eta Iñaki Gabilondo kazetariak ere jaso zuten sari bana, eta beraz, ohore handia da guretzat. Pixka bat txikiak sentitu ginen ibilbide eta profesionaltasun maila handiko pertsonaia horien ondoan, baina errekonozimendu moduko bat izan zen. Urtean zehar lan isila eta apala egitearen fruitua jaso genuen. Ordutik, geroz eta jende gehiagok ezagutzen du gure proiektua, eta horri esker, ate berriak zabaldu zaizkigu». Orain bertsolarien lana da gaiari buruz herritarrak kontzientziatzea, noizbait Hernaniko taldearen ateak zabaldu, eta Ingalaterrarako bidea erakutsi dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!