Galdera horien inguruan, ondorengo hausnarketa plazaratu dute TOPAko kideek: «Bistan da ospitale berria egin baino lehenago has daitekeela klinika zerbitzu publikoa ematen. Eta askoz merkeago».
Tolosaldea Osasun Publikoaren Aldeko plataformak ekainaren 20an egin zuen joan den ikasturteko azken agerraldia. Orduan ospitale berriaren inguruko informazio eza salatu zuten. «Osasun Sailak irtenbide gisa aurreikusi du ospitale hori, gure eskualdeak EAEko gainerako eskualdeek bezalako arreta jaso dezan», gogoratu dute gaurko agerraldian, hau da, ikasturte berriko lehendabizikoan.
Ospitale berriaren inguruko informazioa «ezkutatzen» ari zirela salatzeaz gain, ospitale hori txikiegia iruditzen zitzaiela esan zuten TOPAtik: «Gainerako eskualde ospitaleek baino zerbitzu gutxiago izango lituzke; hornidura gutxiago eta espezialista gutxiago. Azken batean, hauteskundeetan ospitale berri bati buruz egindako promesak airean jarraitzen dute, eta ez digute bermatzen antzeko kalitatea duen arretarik emango denik».
Klinikako langileen etorkizunari buruz ere zalantza asko zituztela gogoratu du TOPAk. Baita ospitale berria egin bitartean jaso beharreko arretaren inguruan ere: «Izan ere, ospitale berria egiterako gutxienez beste zortzi urte beharko dira eta ezin gara horrenbeste denbora egon zain, eta berehala eman behar zaio irtenbide bat Tolosaldeko osasungintzak duen arazoari».
Hainbat gertaera berri
Udal hauteskundeen ondoren, hainbat gauza gertatu direla jakinarazi dute TOPAko kideek: «Alde batetik, Tolosako eta Andoaingo alkateak ere sartu dira osasun sistema ehuneko ehun publikoa izan dadin eskualdeko alkateek sortua duten mahaian; eta bestetik, klinikako langileak greba egiten ari dira aldizka, hitzarmen kolektibo duin baten alde eta publifikazioa eskatzeko. Eta bien bitartean, Asuncion Klinika berritzen jarraitzen dute».
Testuinguru horretan kokatu dituzte herritarren, alkateen eta klinikako langileen galderak. Erantzuna argi dute TOPAko kideek: «Publifikazioarekin irtenbide duina emango zaie beharrezko lan baldintzak betetzen dituzten klinikako langileei, eta, aldi berean, herritarrek berehala jasoko dituzte osasungintza publikoaren zerbitzuak». Ondorioz, osasun publikoaren aldeko plataformak, Asuncion Klinikaren publifikazioa beste aukera bat bezala ikusten du, «orain arte planteatu den ospitale berriaren ondoan, eta baloratu egin beharko dira aukera bakoitzaren alderdi positiboak eta negatiboak. Borondate politikoa behar da».
Bien bitartean, «gure arazoari konponbidea eman bitartean», erreferentziazko zentroa Donostia ospitalea izatea exijitu dute TOPAko kideek gaurko agerraldian.