Mikologikak jai giroa jarri du Tolosan

Ataria 2023ko urriaren 21a

Perretxikoen saltsan herritar ugari erori da gaur goizean Trianguloa plazan. Zer jana eta edana izateaz gain, musika, jolasak eta ikasteko aukera zegoen bertan, Casino Elkartearen eskutik. Tolosako Musika Bandak ere kaleak alaitzeko parada izan du.

Tolosako Casino Elkarteak jai ederra antolatu du gaur goizean Trianguloa plazan. Mikologikaren baitan, herritar ugari elkartu da bertara.

10:00ak inguruan, kazola erraldoia piztu eta txanpiñoiak egiten hasi dira elkarteko kideak. Horrez gain, perretxiko desberdinekin prestatutako pintxo dastaketa izan da.

Tolosaldeko ikasleek Aranzadi Zientzia Elkarteko kideen laguntzarekin bezperan bildu eta sailkatutako perretxikoekin sortutako erakusketa ere bertan zegoen, eta haurrentzako eskulan tailerra.

Horrez gain, apustua egiteko aukera ere jarri dute antolatzaileek. Galdera erraza zen: Zenbat kilo? Onddo saskian zenbat kilo zeuden asmatu behar zuten herritarrek.

Azkenik, Radio Rebeldek taldeak musikarekin osatu du jai giroa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!