Goierrira jendea erakartzeko lanean aritzen da Ion Ubide (Tolosa, 1981), Goitur Goierriko turismo agentziaren teknikari moduan. Turismoari begira aritzen da lanean, eta mendi lasterketak ditu zaletasun nagusi.
Ikasi, Topografia ikasi zenuen zuk, ezta?
Orain ez dakit nola izena duen graduak, baina nik ikasi nuenean Topografian eta Kartografian Ingeniaritza Teknikoa izena zuen. Askok irudikatzen dute kalean aparatu batekin neurketak egiten dituen jendea, baina hori baino askoz gehiago da topografia. Adibidez, lur mugimenduak egin, diseinatu, kalkulatu…, gerora egitekoak diren proiektuak aztertzeko. Obran zaudenean, planoan dagoena lur azalera eramatea da egitekoa. Asko gustatzen zait, eta asko gustatu zitzaidan ikasi nuenean ere.
Aritu zinen horretan lanean?
Ikasketak bukatu, eta zazpi bat urtez aritu nintzen lanean. 2008ko krisia iritsi zen gero, eta beste sektore batean aritu nintzen lanean. Erabateko aldaketa izan nuen, berriz, geroago. Ikasten ari nintzen bitartean lanean jardun nintzen, turismo gida gisa, ikasturte amaierako bidaietan, eta Niko Osinalde bidaia horiek antolatzen zituenari esker hasi nintzen asteburuetan Goierri eskualdeko turismo saileko Goitur enpresan lanean: azokak zeudenean edo, bisitak zeudelako, laguntza behar zutenean joaten nintzen.
Goiturren teknikaria zara egun. Zer lan egiten duzu zehazki?
Bi pertsona gaude Goiturren: Niko Osinalde zuzendaria eta ni neu. Gure modeloa ezberdina da Euskadin dauden beste garapen agentziekin konparatuta, gu publiko-pribatuak garelako. Diru publikotik dator gure aurrekontuaren zatirik handiena, baina enpresa pribatuek ere jartzen dute beste zati bat. Turismorako garapen agentzia bat gara, eta gure lana, asko laburbilduz, jendea Goierrira erakartzea da. Goierriren irudia kanpora saltzen dugu; Gipuzkoako gainerako herritarrei, Euskadikoei, [Espainiako] Estatukoei… Edonori.
Zenbat turismo bulego daude Goierrin?
Bederatzi turismo bulego eta interpretazio zentro edo museo daude. Herri guztiek ez daukate; herri guztiak ezin dira turistikoak izan, eta zerbait duen herriak berak kudeatzen du alor hori. Adibidez, Ordiziak D’elikatuz zentroa du, azokari eta gaztari lotuta; Idiazabalek gaztaren interpretazio zentroa du; Segurak Erdi Aroko interpretazio zentroa dauka… Gu saiatzen gara horiek guztiak koordinatzen. Komertzial lana egitea tokatzen zaigu guri gero. Orain gutxi, Basquetour euskal turismo agentziak antolatu du Meet Basque Country ekitaldia, eta natura turismora etorri ziren zazpi agentzia hartu genituen guk: Belgikakoak, Herbehereetakoak, Erresuma Batukoak…
Nola salduko zenuke Goierri?
Guk beti esaten dugu oso eskualde industriala dela; A-1 errepidea pasatzen da iparraldetik hegoaldera, eta bi aldeak fabrikaz beteta daude, zorionez, fabrika horiei esker bizi delako jende asko. Baina, aldi berean, bost minutu aurrerago landa eremu batean gaude, bi parke naturalen artean: Aralar eta Aizkorri-Aratz; konturatzerako, errepidetik kanpo zaude hor. Jendeari iruditzen zaio ordu erdi bat ibili garela autoan, eta harritu egiten da landa eremua zer gertu dagoen ikusita. Era berean, nabarmentzekoa da ez dagoela ezer artifizialik. Goierritar batek egiten duena egin dezake turista batek; inguru honetan ez da ezer artifizialik sortu. Azkenean, bertakoentzat egiteko ona dena ona da turistarentzat ere, eta aldrebes.
Gastronomia ere hor dago, eskaintza moduan.
Bai, noski. Beti esaten dugu gastronomia eta natura oso lotuta daudela, eta baita kultura ere. Bizi garen eremu naturalik eta landa eremurik gabe, ez genituzke izango gastronomiarako ditugun produktuak. Idiazabalgo gazta da gure produktu nagusia, eta eskualdean ditugun parke naturalei eta artzainei esker dugu gazta hori. Ordiziako azoka ere ez genuke izango naturarik gabe; bostehun urte baino gehiago ditu azokak, eta astero-astero bertara jaisten dira ekoizleak, euren produktuekin. Horri oso lotuta dago gure kultura; lotura handia dauka bizitzeko erarekin eta jateko dugun moduarekin.
Nola daramazu tolosarra izanik Goierriren erakargarritasuna zabaltzen aritzea?
Bururatu izan zait jendeak pentsa dezakeela arraroa dela, baina natural hartzen dut nik. Azkenean, jende askok pentsatzen du lehiakideak garela, eta ez da hala. Jendea Goierrira etortzen bada, eta lo egiteko gure leku guztiak beteta badaude, Tolosara etorriko dira agian, eta ona da hori. Gipuzkoako eskualde guztien estrategietako bat da Donostiara etortzen diren turistak gure eskualdeetara erakartzea. Donostia da foku nagusia, eta guk bertara joan behar dugu arrantza egitera. Donostiara joaten diren turisten %5 erakartzen baditugu gure eskualdera, nahikoa dugu.
Nire aldameneko eskualdean lan egiten dut, eta hori sustatzen dut, baina nire herria ere sustatzen dut. Kanpora joaten naizenean, tolosarra naizela esaten dut nik, eta oso harro nago tolosarra izateaz. Urte askoan izan dugu Goierrik eta Tolosaldeak elkarrekin egindako eskuorri bat: Euskadiren bihotza izena zuen. Donostiara joaten den turista batek ez daki zer den hemengo eskualde bat. Turistari ez zaio inporta Goierrin edo Tolosaldean dagoen; inporta zaiona da zer egin dezakeen. Garrantzitsuena da jendea etortzea, eta zer daukagun jakinaraztea jendeari.
Zenbat aldatu da turismoa eta turismoa sustatzeko modua?
Aldaketa handienetako bat izan da hiriburuak eta kostaldeko herriak bakarrik saltzen zirela lehen, edo horiek joaten zirela azoketara. Barrualdeko herri eta eskualde gehienek ez genekien oso ondo turismoa zer zen, edo jendeak ez zion kasurik egiten. Gure kasuan, esan beharra dago 1993ko industria krisiaren ondorioz jaio zirela Goitur eta Goierriko turismo garapena. Agintariek oso ondo jokatu zuten, eta, industriaz gain, dibertsifikazio bide bat bilatu behar zela ikusi zuten: turismoarekin hasi ziren lanean. Urte horietan leku gutxi sustatzen ziren; gaur egun, ordea, ia kontrakoa gertatzen da, baina leku guztiak ez dira turistikoak. Sustapen aldetik, azokek eta eskuorriek osatzen zuten lehen dena, eta gaur egun asko aldatzen ari da, nahiz eta azoketara ere joaten garen. Egun, Internet bidez egiten da dena.
Bestalde, esan daiteke inork ez dakiela ezer turismoaz, ez dakigulako bihar turistak zer egin nahiko duen. Plana asko aldatzen da diru kopuruaren arabera. Aurten asko nabaritu da jendeak ez zuela hainbeste gastatzeko, eta gastua gutxitu egin da jatetxe eta tabernetan; aldiz, ostatuetan, ez. Hortik aurrera, oso aldakorra da turista bakoitzaren plana.
Aisialdian, kirola egiten aritzen zara; mendi lasterketetan, adibidez.
Urte askoan futbolean aritu nintzen, eta, futbola utzi nuenean, 2008 inguruan, mendian korrika hasi nintzen, lagun batzuek animatuta. Gero, 2011n, aldakan arazo bat izan nuen, eta urtebete egon nintzen ezer egin gabe; inork ez zidan irtenbiderik ematen, eta, azkenean, 2014an lortu nuen Bartzelonako mediku batek ebakuntza egitea. Hortik aurrera berriro hasi nintzen korrika, bizikletan ere ibiltzen naiz, eta neguan eskiatzea gustatzen zait. Mendi lasterketetan neure buruarekin lehiatzen naiz; herri korrikalarien mailan aritzen naiz ni lehian.
Euskaltrail.com egitasmoan ere parte hartu zenuen, mendi lasterketei lotuta.
Korrika hasi eta urte gutxira, lagun batek Joseba Usabiagari eskaini zion Euskaltrail.com webgunea kudeatzeko. Mendi lasterketetako berriak eta sailkapenak jartzen zituzten bertan, eta Josebak laguntza eskatu zigun Unai Ugartemendiari eta niri; hirurok ibiltzen ginen saltsan.
Hain justu, Usabiaga eta Ugartemendia T3T eta T2T mendi lasterketak antolatzen aritzen dira, eta zu ere sartu berri zara hor.
Ezagunak edo lagunak ziren lasterketako antolakuntza taldeko gehienak, eta esaten zidaten ea ni ere sartuko ote nintzen. Lana zela, haurrak txikiak zirela… ez nintzen animatzen. Azkenean, aurten animatu naiz antolakuntza taldean sartzera. Herrian egiten den lasterketa izaki, eta ebakuntza egin ondoren nire erronketako bat T2T bukatzea zenez, animatu egin naiz azkenean. Beti iruditu izan zait T2T oso lasterketa berezia dela, sekulako lana egiten dutela, eta sekulako meritua dutela, lortu duten guztia lortuta. Ikaragarria da T2T lasterketan zenbat emakumek parte hartzen duten ikustea.
Motzean
- Goierriko toki bat? Asko gustatzen zait San Adriango tunelaren inguru hori. Oso erraza da iristeko, eta oso polita iruditzen zait.
- Tolosako leku bat? Betiko bat esango dut: Uzturre. Asko gustatzen zait hara igotzea.
- Goierriko esperientzia bat? Asko gustatzen zait jendeari gazta nola egiten den erakustea. Iruditzen zait asko ez direla jabetzen gazta bat egiteak duen lanaz eta garrantziaz.
- Tolosako esperientzia bat? Larunbatean azokara joatea. Ordiziara ezin izaten naiz joan, lanean aritzen naizelako.
- Euskal Herritik kanpoko esperientzia bat? Elurrari lotutako zerbait bururatu zait. Norvegian eskiatzea, adibidez.
- Mendi lasterketa kutunena? T2T, eta iaz ezagutu nuen Azkaineko (Lapurdi) Skyrhune.
- Egin nahiko zenukeen mendi lasterketa bat? Asko daude... T3T, adibidez. Eta baita Chamonixekoa ere.
Elkarrizketa hau Gipuzkoako Hitzan argitaratu da.