Ziklo-krosaz gozatzeko aukera asteburuan Tolosan

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 19a, 19:59

Larunbat arratsaldean teknifikazio saioa izango da gaztetxoentzat, eta igande goizean III. Garaje Tolosa Saria Pablo Arsuagaren Oroimenezkoa izango da jokoan.

Tolosako Iurreamendiren inguruan ziklo-krosa izango da protagonista asteburuan, Oriako Txirrindulari Eskolaren antolakuntzarekin. Larunbatean gaztetxoenek aukera izango dute ziklo-krosa gehiago ezagutzeko, prestatu duten teknifikazio saioarekin. Gipuzkoako txirrindulari eskoletako neska-mutilak zein Tolosaldeko ikastetxeetako ikasleak ariko dira parte hartzen, 9 urtetik 14 urte bitartean. Igande goizean lehiaren txanda izango da, eta lau lasterketa hartuko ditu III. Garaje Tolosa Saria Pablo Arsuaga Oroimenezkoak. Hain justu, euskal ziklo-kros denboraldiari hasiera emango zaio Tolosan.

Aitor Iriarte Oriako Txirrindulari Eskolako ziklo-kroseko batzordeko kideak gogora ekarri du 1960an eta 1981ean Munduko Txapelketak egin zirela Tolosan: «Herri honetan ziklo-krosak bere espazioa izan du. Gainera, igandeko probarekin oroitzen dugun Pablo Arsuagak parte hartu zuen 1960ko Munduko Txapelketan». Eskolatik herriari ziklo-krosaz gozatzeko aukera eskaini nahi zaiola gaineratu du Iriartek: «Ziklo-krosa gerturatu nahi dugu herrira, bere ikusgarritasunarekin. Iaz Euskal Herriko Txapelketa antolatzeko aukera izan genuen, eta balantze baikorra egiten dugu lasterketarena zein herriak eman zion erantzunarena ere». Aurtengo helburua larunbatean egingo den saioarekin herriko eta eskualdeko gaztetxoenei ziklo-krosean trebatzeko aukera ematea dela azaldu du. «Iurreamendin ziklo-kros ibilbide iraunkor bat izatea irudikatzen dugu, egta aldarri hori ere egin nahi dugu», azaldu du Iriartek. Igandeko ibilbideak 3.100 metro izango ditu, eta 100 metroko desnibel positiboa du. Horrez gain, bi oztopo izango ditu helmugatik gertu. Irteera zein helmuga Laskorain Ikastolaren ondoko errepidean egongo da.

Bere aldetik, Abraham Olano Gipuzkoako Txirrindulari Federazioko ordezkariak eskertu egin dio Oriako Txirrindulari Eskolari egiten ari den antolakuntza lana. «Guretzat oso garrantzitsua da larunbatean egingo den teknifikazio saioa, eta animatzen diogu Tolosako Udalari zirkuitua egonkor bihurtzera», zehaztu du Olanok. «Modu horretan haurrek izango dute aukera errepidetik kanpo dagoen zirkuitu bat izateko, eta bizikletarekin harremana izateko».

Oriako Txirrindulari Eskolako Aitor Aiertza lehendakariak eskertu egin do Tolosako Udalari, Arsuaga familiari eta federazioari, zein babesleei egitasmoa aurrera atera ahal izateko ematen ari diren laguntzarengatik. «Ziklo-kros proba batek eskulan asko suposatzen du, eta ekonomikoki ere gastu dezente du, eta gure babesleei gabe ezingo genuke hau dena gauzatu». Bi txosna jarriko dituzte ibilbidean zehar, eta bertan lan egingo duten boluntarioei zein beste lanetan ariko direnei eskerrak eman dizkie ere Aiertzak. Bide batez, dei egin die tolosarrei zein eskualdeko biztanleei igandean egingo diren probak ikustera joateko. «Festa oso polita da, eta beste modalitate bat da errepidekoarekin alderatuta. Ziklo-krosean hainbat itzuli egin zaio zirkuituari eta aukera asko daude txirrindulariak ikusteko», zehaztu du.

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak azaldu duenez, «Tolosan beste behin goi mailako kirol ikuskizuna ikusteko aukera izango da, kasu honetan, ziklo-krosa». Iaz egin zen proba «ederra» izan zela eta aurtengoa horrelakoa izatea espero dela gaineratu du. Martinez de Rituertok eskerrak eman dizkio Oriakori eta bere inguruan mugitzen diren guraso eta boluntario guztiei: «Zuei gabe ez zen posible izango horrelako egitasmoak antolatzea». Pablo Arsuaga ere gogora ekarri du: «Uste dut ideia oso ona izan dela ziklo-kroseko proba berreskuratzea eta bere omenez egitea. Bai berak eta bai bere familiak erakutsi du pasio handia txirrindularitzarekiko. Seguru berak oso pozik ikusiko lukeela bere omenez egindako horrelako proba bat». Bestalde, zirkuitu iraunkor bat izatearen gaia aztertzeko kontu bat izango dela adierazi du.

Pablo Arsuagaren semea den Fernando Arsuagak ere hitza hartu du eta eskertu du antolatzaileei egindako lana. «Lehenengo urtean pike moduko bat bezala hasi zen, hurrengo urtean Euskal Herriko Txapelketa egin zen, eta hirugarrengoan bi egunetako egitaraua osatu da. Ez dakit hurrengo urtean zer egiteko gai izango diren, ez baitu ematen gelditzeko moduan dagoenik lan taldea», esan du Arsuagak. «Ez da batere erraza horrelako probak antolatzea eta Oriako Txirrindulari Eskolak egiten duten lana goraipatzekoa da».

Egitaraua

Urriak 21, larunbata
16:00. Gaztetxoentzako teknifikazio saioa.

Urriak 22, igandea
09:15. Master 40, 50 eta 60 mailakoak.
10:15. Kadete mailako neskak eta mutilak.
11:15. Junior mutilak, eta open eta junior emakumezkoak.
12:30. Gizonekoen open mailakoek, hau da, 23 urtez azpikoak, elitekoek eta master 30 mailakoak.

Igandeko lau lasterketak zuzenean ikusi ahalko dira Youtube-n, Akhonmediaren bitartez. Ikusi hemen iazko probaren bideoa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!