«Beldurra sentituko dute ibilbide guztian zehar»

Ataria 2023ko urriaren 18a

Galtzaundi euskara taldeak beldurrezko ibilbidea antolatu du Tolosako Elosegi parkean, urriaren 28an eta 31n. 13 urtetik gorako nerabeei zuzendua dago, eta aurrez izena eman beharko da.

Gau Beltzari indarra eman nahi dio Galtzaundi euskara taldeak. Horretarako, bigarren urtez jarraian, Beldurrezko ibilbidea antolatua dute eskualdeko antzezleen laguntzarekin. «XX. mendearen erdialdera arte euskarari eta euskal landa-eremuari oso lotuta egon da Gau Beltza», azaldu dute aurkezpen ekitaldian. Tradizioari eusteko, Gau Beltzari ikusgarritasuna eman eta nerabeei begirako beldurrezko ibilbidea antolatu du Galtzaundik, Tolosako Elosegi parkean.

Ibilbidearen hasiera Montezkue auzoan izango da (Soldadu kaletik gora Montezkue auzoko trenbideko zubia pasata). Urriaren 28an eta 31n egongo da beldurrezko ibilbidea egiteko aukera 20:00etatik 00:00etara. Taldeak 10 minutuz behin irtengo dira eta gehienez, bost pertsonakoak izango dira. Ibilbideak 20 minutuko iraupena izango du, eta bertaratzen direnek ibilbide guztian zehar «hezurretarainoko beldurra» sentituko dutela azaldu dute.

Beldurrezko ibilbidean parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da, eta doakoa izango da. 13 urtetik aurrerako gazteek (2008an jaiotakoak barne) parte hartzeko aukera izango dute. Izena emateko, Galtzaundi Euskara Taldearen egoitzara (Nafarroa etorbidea 6, Tolosa) gerturatu daiteke, edo online bidez Galtzaundiren webgunean. Txanda guztiak bete arte egongo da izena emateko aukera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!