ERREPORTAJEA

Norbere buruaz eta kontradikzioez barre egiteko

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 23a, 07:58

Joseba Apaolaza, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria, ‘Sagastitarrak’ antzezlaneko aktoreak. TXALO

Txalo antzerki taldeak Sagastitarrak antzerki obra eskainiko du urriaren 27an, ostiralean, Tolosako Leidor aretoan. Goi-burgesiako familia bateko gai korapilatsu baten kontakizuna da, umorez landua.

Goi-burgesiako familia da Sagastitarrena, aberastasun handikoa. Azkenaldian, ordea, ez da giro etxean. Ane, alaba giza-ekintzaile feministak, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. «Patriarkatuarekin ez dugu amaituko, mundura ekarri gaituen amaren abizena hartzen ez dugun bitartean», dio. Anton Sagasti aita da familia-burua, enpresa-gizona, kontserbadorea, eta alabak dioenez, «fatxa samarra».

Jatorrian katalanez sortutako antzezlana da Sagastitarrak; La Saga izenarekin da ezaguna; Ramon Madaulak idatzi zuen, eta gero, euskarara egokitu zuten. Urtebetean Euskal Herrian agertoki askotan aritu ondoren, Tolosara helduko da. Leidor antzokian izango da emanaldia, urriaren 27an, ostiralean, 20:00etan. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean ariko dira Joseba Apaolaza, Ainhoa Etxebarria eta Koldo Olabarri aktoreak.



Hiru eszena ditu obrak, bi nagusi, eta konklusio moduko azken bat, elipsi bat duena. «Hirugarren eszena oso garrantzitsua da», aurreratu du Apaolazak. Obra egokitu behar izan dutela azaldu du: «Herrialde Katalanetako eta Euskal Herriko goi-burgesiaren eta gizartearen artean aldea dago, eta beraz, egokitzapen lan handia egin behar izan dugu. Herrialde Katalanetan ehungintzarekin zuen zerikusia burgesiak; hemen, berriz, industriagintzarekin».

Gizartean geroz eta oihartzun handiagoa duen abizen hurrenkeraren aldaketa kasu bat kontatzen du obrak. Apaolazak esan duenez, funtzioak gaiari «ikuspegi nahiko feminista» ematen badio ere, hausnarketarako tartea zabaltzen du. «Guk eskaintzen duguna komedia bat da, baina ikusleak barre egiteaz gain, zenbait ideia barneratuko ditu eta galderak egingo dizkio bere buruari».

 

Joseba Apaolaza: «Ikusleak barre egiteaz gain, zenbait galdera egingo dizkio bere buruari»


Antonentzat ulertezina da Aneren jarrera, eskualdean tradizio handikoa eta dinastia luzekoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizen preziatua da berarentzat. «Desagertu egingo gara, dinosauroak bezala», esaten du antzezlaneko momentu batean. Garrantzia handia ematen dio, eta hala azpimarratzen du: «Munduko tontolapikoena izan zaitezke, baina Sagasti abizena entzun orduko, dena barkatuko dizue, bi mendeetan zehar gauza handiak egin ditugulako herri honen alde, eta baita planeta honen alde».



Ingeniarien arteko ulermena

Tentsio handiko erlazioa dute aitak eta alabak. «Ezin dute elkar ulertu. Aitaren izaeraren eta aitak egiten duenaren kontra nabarmen bizi den emakume bat da alaba. Ondo bizitzeaz nazkatu dela esaten dio aitak, dena eman diolako».

Abizenari segida emateko, amarru eta trikimailu guztiak erabiliko ditu Antonek, alabak abizena aldatzeko asmotan atzera egin dezan. «Estrategia nagusi bat dago, eta hala abiatzen da funtzioa. Bakarrik geratzen dira Anton eta bere suhia, alabaren bikotea. Biak ingeniariak dira, eta aitak xantaia bat egiten dio suhiari, alabak iritziz alda dezan. Horrez gain, belaunaldien arteko borroka bat dago, baita beste zenbait konflikto ere», azaldu du Apaolazak.

Suhia, hasiera batean, bat dator bere bikotearekin, baina xantaiak eragin egiten du bere pentsamenduetan. «Oso polita da izaten duen itxuraldaketa. Denok ditugu gure ideologiak, gure pentsamoldeak, baina gero, errealitatearekin topo egiten dugunean, beste nahi edo asmo batzuk sortzen zaizkigu, eta talka horretan sortzen den kontradikzio pila horretan, pertsonaia hau nagusitu egiten da. Tentagarria egiten zaio Antonek egiten dion eskaintza, eta bere bikotea konbentzitzen saiatuko da», aurreratu du aktore urretxuarrak.

Halaber, xehetasun garrantzitsu eta aldi berean xelebrea azaltzen du antzezlanak. «Ane haurdun dago, eta suhiak betiko abizen hurrenkeraren alde egitea eskatzen dio, gizarteak normaltzat ematen duena. Baina agian ez da hain normala, eta horrek eztabaidarako tartea zabaltzen du. Haurdunaldiak korapilatu egiten du funtzioa, abizenak aldatzeko erabakian eragina izan dezakeelako», gaineratu du Apaolazak.

Freskotasuna eta esperientzia

Bi aktore gazte dira Etxebarria eta Olabarri. Etxebarriak lehen aldia du antzezlan batean; Olabarrik, bere aldetik, ibilbide luzeagoa du aktore lanetan. «Nahiz eta gazteak, eta neurri batean hasiberriak izan, nire kasuan, beraiekin kasualitatez eginak nituen funtzio batzuk, Calixto Bieitoren zuzendaritzapean; Obabakoak izan zen horietako bat. Orduan, lehendik ezagutzen genuen elkar, eta alde horretatik, beti da abantaila polita».

Apaolaza «oso gustura» ari da beraiekin lanean. «Gazteagoak direnez, energia handiagoa dute, eta zenbait gauzatarako burua ere freskoagoa izaten dute. Lehen bi eszenatan bikoteka aritzen gara, eta kasu horietan, aktoreok bata bestearen esku egoten gara. Bidea bien artean egin beharra dago, eta konfiantza handia behar da elkarrekin eszena bide onetik eramateko».

 

Joseba Apaolaza: «Beti dago ondo esperientzia eta gaztetasuna konbinatzea; hori da arrakastaren bidea»


Aktore gipuzkoarraren iritziz, binomio ona egiten dute gazteen freskotasunak eta beteranoagoaren esperientziak. «Beti dago ondo esperientzia eta gaztetasuna konbinatzea; hori da arrakastaren bidea. Gainera, gaur egun, antzezlanetan belaunaldi desberdinetako aktoreak uztartzea eskatzen dute».

Publikoaren beharra

Duela urtebete estreinatu zuten antzezlana, Bilboko Arriaga antzokian. Orain arte kritika ona jaso dutela nabarmendu du Apaolazak. «Zintzotasunez, obra polita da, eta barre egiteko aukera handia ematen du. Funtzioak asmatzen du, eta ez soilik gaur egungo gizartean oso presente dagoen gai bati lotuta dagoelako. Ohartu izan gara ikusleek noiz egiten duen barre eta zergatik, eta horrek ere bide ematen digu hurrengo emanaldietan berdina gerta dadin. Horretarako gaude, geure buruaz barre egiteko, gure ideologiaz eta gure kontradikzioez barre egiteko».

Tolosan bilduko den ikuslegoaren aldetik «beti bezala, harrera ona» espero du Apaolazak. «Leidor espazio handia da, eta egia esan, nahiago dut ondo betetzea. Komediak beti behar du publikoa, eta gu harrotzeko ezinbestekoa da publikoa izatea; asko estimatzen dugu. Leidorrera joan izan naizenetan erantzun oso ona jaso izan dut publikoaren aldetik, eta oraingoan ere hala izatea espero dut. Zeresana emango duen ikuskizun bat ikusteko aukera aparta izango da».

Abendura bitarte egutegia nahikoa betea du taldeak. Hala ere, tartean, antzezlanaren gaztelaniazko bertsioa ere egin beharko dute zenbait herritan. «Oso harro gaude, bi hizkuntzatan egiteko gai garelako, baina beti da zailtasun handikoa. Gauza fresko bat egin nahi duzunean, ez da erraza bi funtzio desberdin uztartzea», esan du aktore urretxuarrak. 30 emanaldi baino gehiago egin dituzte gaztelaniaz, eta beraz, askotan egin dutela nabarmendu du. «Hala ere, beti suposatzen du zailtasun berezia astez aste bi hizkuntzatan tartekatzen aritzeak. Beti erne ibili beharra dago, ondo errepasatu beharra, eta guretzat erronka berezia da. Hizkuntzaz aldatzeak beste bide bat hartzen du. Hizkuntzak gauza asko markatzen ditu, besteak beste, abertzaletasuna. Baina, beno, oso kontentu gaude», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!