Enplegu publikoko eskaintza zabaltzea eskatu du Atzegik

Ataria 2023ko urr. 17a, 11:59

Adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu du Atzegik abiatu berri duen aurtengo sentsibilizazio kanpainan.

Ni prest nago, eta Gipuzkoa? lelopean abiatu du aurtengo kanpaina Atzegik. Bertan, adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu du, eta, aldi berean, enplegu publikorako deialdia zabaltzea eskatu du.

«Gizartearen gehiengoak ez daki legez enplegu publikoko plazen %2a adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta egon beharko liratekeela», jakinarazi du Aloña Agirre Atzegiko teknikariak, astelehenean, Zerkausian egindako kanpainaren aurkezpenean. Egoera hori oraindik ezezaguna dela adierazi du, «eta oraindik ere gutxiago dira deialdiak egokitzeko ahalegina egiten duten erakundeak».

Azken urteotan, berriz, gauzak aldatzen ari direla nabarmendu du, eta administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen ari direla. Izan ere, Gipuzkoa mailan adimen desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako bi oposaketa antolatu dira, etaAgirren hitzetan, «izugarrizko arrakasta» izan dute: «Adimen desgaitasuna duten pertsona asko ikasten jardun dira eta oposaketa horietara aurkeztu dira. Horrek argi uzten du aukera gehiago eskaini behar zaizkiela eta gure leloak dion bezala, haiek prest daude eta garrantzitsua da Gipuzkoa ere prest egotea aukera horiek eskaintzeko».

Horretarako, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan, eta halaber, ikus-entzunezko bi pieza prestatu dira. Kanpainaren amaierako ekitaldia urriaren 23an izango da, 18:30etan, Donostiako Antzoki Zaharrean. Bertan, kanpaina aurkeztean gain, 2023an bizitako guztiaren errepasoa egingo dute. Ekitaldira joateko interesa dutenek atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi edo 943 42 39 42 zenbakira deitu dezakete gonbidapenak eskatzeko.

Boluntarioen beharra

Adimen desgaitasuna duten pertsonek gero eta partaidetza aktiboagoa nahi dute gizarte bizitzan. Horretarako, senideen laguntza ez dela nahikoa esan du Pio Eraso gurasoa eta Atzegiko eskualdeko ordezkariak: «Gure seme-alabei gainontzeko gazteei bezala aisialdiko ekintzak egitea gustatzen zaizkie, baina une honetan horiek gauzatu ahal izateko dugun laguntza murritza da eta jendea behar dugu».

Gauzak honela, boluntario gehiago behar dituzte Atzegin eta horretarako interesa duenak www.atzegi.eus webgunean aurkitzen den formularioa beteta eman dezake izena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!