Esneki azoka bigarren urtez azaroko lehen asteburuan

Aitor Arroyo Askarai 2023ko urr. 16a, 19:59

Azaroaren 3an eta 4an egingo dute azoka eta denetariko jarduerak antolatu dituzte, besteak beste, dastaketak, tailerrak, txapelketak eta mahai inguruak.

Azaroaren 3an eta 4an egingo dute Tolosan Esneki, Euskal Herriko gaztaren eta esnekien azoka. Bigarren edizioa izango da eta Euskal Herriko gazta onena aukeratzeaz gain, XIV. Frisoi Txapelketa ere egingo dute. Bi egunetan banatuta denetariko jarduerak antolatu dituzte, horien artean, azoka, tailerrak, dastaketak, hitzaldiak eta mahai inguruak.

Antolatu dituzten jardueretako batzuetan izena eman behar da parte hartzeko, eta beste batzuetarako beharrezkoa izango da sarrera erostea. Ostiralean, iaz lehenengoz egindako sektore mailako topaketa errepikatuko dute Beotibar pilotalekuan, eta bertaratzeko izen-ematea ezinbestekoa da.

Dibulgazio eta formazio helburuari jarraiki, egun berean beste bi jarduera egingo dituzte: lehena, Ferialekuan izango da: Errapetik ahorainoko bidea ikastaroa. Bertan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Bigarrena, Beotibar pilotalekuan izango da: Gazta, kultura eta gastronomia hitzaldia eta dastaketa gidatua. Horretarako sarrera erosi beharko da bost euroren truke. Jarduera guztietarako izen-emateak eta sarrerak Esneki.eus webgunean daude eskuragarri.

Larunbatean, berriz, azokako gaztak ezagutzeko dastaketa gidatuak antolatu dituzte Beotibar pilotalekuan. Lau txanda antolatu dituzte, euskaraz zein gazteleraz egin daiteke eta parte hartzeko txartelak bost euro balio ditu. Talde bakoitzean, gehienez, 20 pertsona bilduko dira. Bestalde, ez da izenik eman beharko azoka berezirako eta Esnetan familia guztiarentzako jarduerarako.

LEHIAKETEN EZAUGARRIAK

Azaroaren 4an egingo dituzte bi txapelketak. Euskal Herriko zazpi probintzietan ekoiztutako gazten eta esnekien txapelketa da Esneki, eta Malen Sarasua Leartiker Esneki Zentroko arduradunak eman du zehaztapen guztien berri. Esan du zortzi sailetan banatuko dela lehiaketa: gazta freskoak, gazta laktikoak, pasta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak, ardi-gazta onduak eta jogurtak. Horietako bakoitzean, beste bi azpi sail ere izango direla gehitu du: alde batetik, gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin sortutakoena, eta, bestetik, hirugarren bati esnea erosi eta eraldatzen dutenena.

Azpi-kategoria horietako bakoitzean puntuaziorik onena lortzen duten lehen hirurek jasoko dute saria. Behin hori argituta, gazta maila bakoitzeko irabazleen artetik sari nagusia nork eramango duen ebatziko da. Gazta hori izango da txapeldun nagusia.

Epaimahaia 30 pertsonak osatuko dute eta produktu bakoitzaren ezaugarri organoleptikoak baloratuko dituzte, itxura, ehundura, zaporea, usaina eta balorazio orokorra, alegia. Beotibar pilotalekua irekita egongo da lehiaketak irauten duen bitartean, eta sari banaketa 13:00ak aldera izango da.

Bestetik, Euskal Herriko XIV. Frisoi Txapelketa Tolosako Ferialekuan egingo dute larunbatean eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako abeltzainek hartuko dute parte. Goizean behiak ile-apaindegian nola prestatzen dituzten erakutsiko dute, eta ondoren hasiko da txapelketa. Sari banaketa 14:00etan egingo dute Ferialekuan.

 

ESNEKI, EUSKAL HERRIKO GAZTAREN ETA ESNEKIEN AZOKA
  • Azaroaren 3a, ostirala
    • 11:00. Esneki sektore mailako topaketa, Beotibar pilotalekuan.
    • 11:15. Mahai ingurua: Jeztetik arrakastara: erreferentziazko kasuak gaztaren industrian.  Parte hartzaileak: Xuso Mazaira (Airas Moniz), Silvia Pelaez (Quesos y Besos) eta Salvador Maura (Mas D’Erlos) .
    • 12:00.  Marigen Alvarez (Quesos Casín).
    • 13:00.  Mahai ingurua: Euskal Herriko Gaztandegiak. Parte hartzaileak: Kepa Agirregoikoa (Errotik), Eneko Goiburu (Ondarre), Yenofa (Ferme Bordalanda Garralda), Bittor Rodriguez (Farmazia fakultatea, EHU). Moderatzailea: Malen Sarasua (Leartiker).
    • 18:00. Errapetik ahorainoko bidea familientzako esperientzia hezigarria, Ferialekuan.
    • 19:00. Gazta, kultura eta gastronomia hitzaldia eta dastaketa, Beotibarren.

  • Azaroaren 4a, larunbata
    • 09:45. XIV. Frisoi Txapelketa: behiak ile-apaindegian erakustaldia, Ferialekuan.
    • 09:00 - 14:00. Trianguloan eta San Frantzisko pasealekuan Esneki, gazta eta esnekien azoka berezia.
    • 10:00 - 13:00. Beotibar pilotalekuan euskal gazta eta esnekien dastaketa gidatua; eta, aldi berean, txapelketa.
    • 11:00. Esnetan familia guztiarentzako jarduerak, Trianguloan.
    • 13:00. Euskal Herriko gazta eta esnekien txapelketaren sari banaketa, Beotibar pilotalekuan.
    • 14:00. XIV. Frisoi Txapelketaren sari banaketa Ferialekuan. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!