Erakutsiz Ikasi 2023-2024

Orixeko eta Groningen herriko ikasleen bisita jaso du 'Ataria'-k

Ataria 2023ko urriaren 16a

Herbehereetako Groningen herriko 20 bat ikasle izan dira gaur, Ataria-n, Orixe BHI eskolako DBH 3 mailako beste hainbeste ikaslerekin batera. Elkartrukea ari dira burutzen.

Orixe BHI eskolako DBH 3 mailako ikasleak Think critically & click wisely izenburupean informazioa eta medioen alfabetatzearen inguruko proiektu bat ari dira burutzen, eta hor kokatzen da Herbereetako Groningen herriko Haren Lyceum eskolako hainbat ikaslerekin egiten ari diren elkartrukea. Atzo iritsi ziren eskualdera eta ostirala bitarte egongo dira bertan. Orixeko ikasleak apirilean joango dira Groningen herrira.

Ataria-ko erredakzioa bisitatzeaz gain, Berria egunkariko erredakzioa ere bisitatuko dute, eta Donostiako Tabakaleran ere hainbat tailerretan parte hartuko dute. Datozen egunetan, inguruko herrietan turismoa egiteko tartea ere izango dute, besteak beste.

Beste hainbat programa martxan

Ikasturte honetan ere Orixe BHI eskolak beste hainbat programa ditu martxan. Horien artean, batetik, Belgikako Sint Aloysius ikastetxearekin elkartrukea egiten ari dira batxilergoko 1. mailako ikasleak. Bertan, garapen jasangarriko 17 helburuetako batzuk landuko dituzte Rainbow Nations proiektuaren baitan. Orixeko ikasleak urriaren 20tik 27a bitartean joango dira bertara, eta belgikarrak, berriz, otsailean izango dira Tolosan.

Bestetik, Orixeko DBH 4. mailako ikasle bat ere Irlandako Glenamaddy eskolan ari da ikasketak burutzen. Hain zuzen, irailak 1ean joan zen eta abendua arte izango da bertan.

Azkenik, bi irakasle urrian Maltara joango dira Artificial Intelligence in Education ikastaroa egitera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!