Aginte berria, aldaketen herria

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko urr. 12a, 12:00

Tolosako Udala zenbait hirigintza lan egiten ari da agintaldi berriaren hastapeneko hilabeteetan; lan batzuk urte amaierarako bukatuta izatea aurreikusten dute; beste batzuk, ordea, luzatu egin dira.

Ohikoa izaten da herri bateko udal gobernuan alderdi berriak sartzean herritarrek herria hobetzeko aldaketak eskatzea. Aldaketa horiek askotarikoak izan daitezke, baina batez ere, hirigintza lanak izaten dira herritarren arreta bereganatzen dutenak. Ia lau hilabete igaro dira Tolosan EH Bilduk agintaldi berriari ekin zionetik, eta dirudienez, zenbait proiektuk lehengo lepotik dute burua, obrak luzatzen ari direlako. Badira, ordea, urtea bukatu aurretik amaituta izatea aurreikusten dituzten lanak.

Larramendi eta Belate auzoen arteko oinezkoen zubia da gutxi falta duen proiektuetako bat. Ander Figuerido Hirigintza, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu duenez, «gogoz kontra» hartu zuten, «ez genuelako beharrezkotzat jotzen, eta beste interbentzio batzuk egitea proposatu genion aurreko udal gobernuari».

Zalantzarik gabe, agintaldi hasierako proiektu handienetako bat bilakatu da. «Udal gobernuan sartzean, jada obra hasita zegoen, eta beraz, ezin genuen atzera egin. Bizilagunekin bildu ginen, hobekuntzak egin asmoz, eta eskailerak eta igogailua lekuz aldatu ditugu, azken hori etxebizitzetatik oso gertu zegoelako. Irailean hasi ziren lanak, eta helburua da zubiaren plataforma azaroan jartzea, urte amaierarako zubia prest egon dadin».

Zubiberria, Zumarditxikia...

Zubi hori, baina, ez da azken hilabeteetan tolosarren ahotan egon den bakarra. Aurreko agintaldi amaieran, Zubiberria eraitsi eta berri bat eraikiko zuela esan zuen udal gobernuak, Ura agentziak gomendatuta, uholde-arriskuak ekiditeko. Herritar askoren haserrea eta kexak ekarri zituen, eta azkenean, diseinu berri bat egitea eskatu zitzaion Urari. «Zain gaude oraindik».

Bilera bat egin nahi dute agentziarekin, informazioa jasotzeko. «Agian beharrezkoa da zubia eraitsi eta berri bat eraikitzea. Hori ez dugu inoiz zalantzan jarri, erabaki tekniko bat delako. Baina, zergatik lehenesten da zubia botatzea eta ez beste lan batzuk egitea? Zergatik ez dagoen landaredia beharrezkoa den ala ez aztertu, Arrameleko zubiko zutabeak kendu edota arroa handitzeko harriak kendu? Neurri hauek merkeagoak eta azkarragoak dira. Diseinuari dagokionez, behin bota behar izanez gero, egungo zubiaren itxura mantentzea eskatzen diegu, baita indarrean dagoen Mugikortasun Plana kontuan izatea ere».

Zubiberriaren ondoan, Zumarditxikia eta Santa Klara eremua daude. Bertako proiektua berrartu aurretik, aparkalekuen aferari soluzioak ematea «ezinbestekoa» dela dio zinegotziak. «Horretarako, herri guztian aparkalekuekin dagoen arazoari helduko diogu, zenbait azterketa eginez: TAO sistema, gune bakoitzerako eranskailuen banaketa eta erabilera, lurpeko aparkalekuen funtzionamendua eta aparkaleku berrien kokapena. Horrez gain, garaje pribatu hutsen erabilera bultzatzen saiatuko gara. Argazki orokor bat egin nahi dugu, alternatibak izateko. Ondoren etorriko da Zumarditxikiko interbentzioa, ahalik eta txikiena, egungo egitura mantenduko duena».

Alde Zaharra

Aurreko udal gobernuak abiatutako beste proiektu bat Alde Zaharreko sarrera historikoetako bat eraberritzea da: Gorriti Plaza. «Eremu nahasgarria da, eta aldi berean, arriskutsua. Oso egoera txarrean dago», azpimarratu du Figueridok. «Oiharbide etxearen eranskina zegoen ingurua oso egoera txarrean dago; zulo asko agertu dira. Azterketa geotekniko bat egin dugu, eta orain horma guztiz berritu behar den ala estruktura bat jarrita nahikoa den erabaki behar dugu».

Ibaiertzean dagoenez, Ura agentziarekin hitz egin behar dutela gaineratu du: «Tolosan inbertsioak egingo zituztela jasotzen da 2022-2027 uholdeen kontrako planean, besteak beste, horma berritzea». Eremu horretan beste arazo bat dute. «Agintari kaleko 37. zenbakian aldamio bat dago, eraikina eusteko, eta berritu egin behar da, baina kontratazio horretarako enpresarik aurkezten ez denez, atzeratzen ari dira horma berria egiteko lanak», esan du zinegotziak.

Udal gobernu berriaren beste helburuetako bat Alde Zaharraren Plan Integrala lehenbailehen martxan jartzea da. «Behar asko dituen eremua da, oso degradatuta dagoena, eta iruditzen zait azken urteetan ez zaiola behar bezain beste garrantzia eman. Interbentzioak egin behar dira, zerbitzuak behar dituelako, hala nola, aisialdirako espazio gehiago. Hori dela eta, kontratazio bat egingo da, plan hori bideratzeko. Berehala jarriko dugu martxan eta zenbait fase izango ditu», azaldu du Figueridok.

Auzoak

Fase horietako batzuk aurreratuta dituzte San Esteban eta Usabal auzoetan, esaterako. San Estebanen kasuan, lehen faseko parte-hartze prozesuko ideiak plan batean txertatzen ari dira, gerora garatu ahal izateko. Usabalen kasuan, hirugarren faseko lanak atzeratuta daude. «Arazoak ditugu lanean ari den enpresarekin, eta zigor-espediente bat ireki genuen. Badirudi horren ondorioz lanak azkartu dituztela, eta esperantza dugu obrak urtea amaitu baino lehen bukatuko dituztela».

Bien bitartean, udala bilerak egiten ari da herriko auzo elkarteekin. Behin guztiekin banan bana bildu ondoren, bilera orokor bat egingo dute, elkarren artean ideiak partekatzeko, dauden beharrak identifikatzeko eta lehentasunak finkatzeko. «Beharrezkoa da herritar bakoitzak bere auzoko ikuspegitik burua altxa eta beste auzoetan bizi duten errealitatea ezagutzea», esan du zinegotziak.

Atauts

Aurreko udal gobernuak martxan jarritako beste lan bat herriko eskulturak eraberritzea izan zen. Herritar talde baten eskatuta, herrian zeuden eskulturak erregistratu zituen udalak, eta ondoren, horietako asko egoera txarrean zeudela ohartarazita, horien mantenuari ekin zion. Lehen fasean Juan Loperen Baserritarrei omenaldia, Koldobika Jauregiren Kantu ixila IX eta Eduardo Txillidaren Lizardiren leihoa eskulturak zaharberritu zituzten, eta azken egunotan, herriko eskultura enblematikoenetako bat eraberritzen ari dira: Trianguloa plazan dagoen Jorge Oteizaren Atauts.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!