Jai giroan murgilduko da Berazubi auzoa

Ataria 2023ko urr. 11a, 12:00

Igandera bitarte luzatuko dituzte festak eta askotariko egitaraua antolatu dute; Donostiarra Arraun Elkarteko Olatz Lopez auzotarrak emango die hasiera jaiei.

Berazubi auzoan dagoeneko zintzilik daude jaien hasiera iragartzen duten banderatxoak. Bihartik igandera bitarte jaiak ospatuko dituzte, eta horretarako, askotariko egitaraua antolatu dute auzotarrek, haur, gazte zein helduentzako jarduerekin, familian zein lagunartean, jaiez giro onean gozatzeko.

Egitarauko zenbait ekitalditarako aurrez eman behar da izena auzo elkartean. Besteak beste, bihar Larreak zerbitzatuko duen bazkarirako, ostiraleko piragua txapelketarako eta haurren sukaldaritza ikastarorako, larunbateko 3x3 futbol txapelketarako eta igandeko paella erraldoia dastatzeko. Futbol txapelketaren kasuan, 2010 eta 2013 urteak bitarte jaiotako gaztetxoek eman dezakete izena.

Aurtengo festetan badira nabarmendu beharreko hiru ekitaldi. Batetik, gaur Tolosako Udal Musika Bandak egingo duen kontzertua. Askotariko kantuak joko ditu, hala nola, La La Land filmeko soinu banda eta Tina Turnerren kantuen popurri bat. Bestetik, bihar Tolosako Enroke Xake Klubak adin guztietarako xake txapelketa antolatu du; talde sortu berria da eta Berazubin izango dira. Azkenik, etzi, emanaldia egingo dute Tolosako Udaberri eta Alcudiako (Mallorca) Sarau Alcudienc dantza taldeek. Uztailean Mallorcara joan ziren Udaberriko kideak, eta elkartrukearen barruan, orain Mallorkako dantzariak datoz.

EGITARAUA
  • Urriak 11, asteazkena
    • 17:30. Txupinazoa Olatz Lopez auzoko arraunlariaren eskutik, eta ondoren, buruhandiak.
    • 20:00. Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua.
    • 21:30. Auzo afaria (norberak eramanda).
    • 00:00. La Fragua taldea (80,90 eta 2000ko hamarkadako abestiei omenaldia).
  • Urriak 12, osteguna
    • 9:15. Diana, Tolosako Udal Txistulari Bandaren eskutik.
    • 11:00. Xake txapelketa, Tolosako Enroke Xake Klubak antolatuta.
    • 12:00. Gizonezkoen toka txapelketa.
    • 14:30. Bazkaria plazan, Larreak zerbitzatuta.
    • 16:00. DJ Small eta mus txapelketa.
    • 19:00. Pintxo-potea txosnan, patata tortilla txapelketa eta trikifarra.
  • Urriak 13, ostirala
    • 11:00. Haurren marrazki lehiaketa eta piragua txapelketa.
    • 12:00. Haurrentzako sukaldaritza ikastaroa; 14:00etan, bazkaria.
    • 16:00. Haurrentzako jolasak.
    • 17:00. Pottokien ibilaldiak auzoko kaleetan.
    • 18:00. Haurrentzako txokolatea plazan.
    • 19:00. Haurrentzako disko festa Party Manen eskutik.
    • 20:00. Sarau Alcuidenc eta Udaberri dantza taldeen emanaldia.
    • 21:00. Auzo afari (norberak eramanda).
    • 00:00. Muxutruk erromeria taldea.
  • Urriak 14, larunbata
    • 10:00. 3x3 futbol txapelketa.
    • 11:00. V. Europako Txapel Jaurtiketa Txapelketa.
    • 17:00. Holi festa plazan.
    • 18:30. Buruhandiak.
    • 19:30. Titanes Show orkestra.
    • 21:00. Danborradako afaria (pikoteoa lokal aurrean).
    • 22:30. Danborrada auzoko kaleetan, Laskotxarangarekin.
    • 23:45. Su artifizialak Berazubiko zubitik.
    • 00:00. Titanes Show orkestra.
  • Urriak 15, igandea
    • 11:30. Emakumeen toka txapelketa.
    • 13:00. Vermucomedia Richard Erosen eskutik.
    • 14:30. Paella erraldoia.
    • 17:00. Dj Meyd.
    • 19:00. Aretoko dantzen emanaldia, Dantzaki dantza eskolaren eskutik.
    • Ondoren. Arratoia erretzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!