'Lasa eta Zabala' filma eman dute Leidorren

Ataria 2023ko urriaren 10a

Laskorain, Orixe eta Herrikide ikastetxeetako ikasleek 'Lasa eta Zabala' filma ikusi dute gaur Leidor aretoan. Pelikularen ostean, Axun Lasarekin eta Pili Zabalarekin tertulian aritu dira ikasleak. Martxelo Otamendi kazetariak moderatu du saioa. Asteburuan beteko dira 40 urte bi gazte tolosarrak bahitu, torturatu eta erail zituztela.

Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketaren 40. urteurrenaren harira hainbat ekitaldi burutzen ari dira azken egunotan. Aurreko asteburuan Busoten, Alacanten, euren gorpuak ezkutatu zituzten tokian lore eskaintza handi batekin oroitu zituzten bi tolosarrak.

Gaur Tolosako Leidor aretoan, Tolosako institutuetako ikasleek Lasa eta Zabala filma ikusi ahal izan dute Leidor aretoan,  eta ondoren, Joxi eta Joxeanen arrebekin solasaldi batean parte hartu ahal izan dute. Martxelo Otamendi kazetariak moderatuta, Pili Zabala eta Axun Lasak euren bizipenen berri eman diete Laskorain, Orixe eta Herrikideko ikasleei.

Datorren urriaren 20an hirugarren eta azken ekitaldia egingo dute 19:30ean Tolosako Topic aretoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!