X. Ogi-Berri Torneoa igandean hasiko da

Ataria 2023ko urr. 10a, 17:00

Migel Soroaren Oroimenezko torneoa afizionatu mailan eskuz binaka jokatzen da, Tolosako Beotibar pilotalekuan, eta bi kategori izango ditu: elite eta 1. maila.

Lehenengo urtetik egin den moduan, Alegiako Route 33 kafetegi eta dendan egin da txapelketaren aurkezpena, eta antolatzaile zein babesleez gain, parte hartuko duten hainbat pilotari izan dira bertan. Migel Soroa pilotari txapelduna zenaren Antton Soroa semeak hartu du hitza, eta gogora ekarri du hamargarren urtera iritsi dela txapelketa. «Ni partidetara joaten naizenean harritu egiten naiz ikusten dudan mailarekin. Oso gustura egoten naiz, eta merezi du horrelako txapelketa bat antolatzeak. Eskertu, beraz, antolatzaileei egiten duten lanarengatik».

Ander Figuerido Tolosako Udaleko zinegotziak azaldu duenez, «ikusten da indarra duela txapelketa honek, eta nabarmentzekoa da Miguel Soroa gogoan izateko txapelketa dela. Pilotariei esan onenak irabazi dezala». Ogi-Berri enpresako ordezkari moduan Alex Sanchezek hartu du hitza, eta aurkezpenean bildutako pilotariei eskertu die bertan egoteagatik: «Elkartuko gara frontoian ikuskizuna ikusteko, eta ea zuek, pilotariek, gozatzen duzuen eta guk gozatzen dugun harmailetatik». Anizeto Lazkano antolatzaileak, bere aldetik, eskertu die Ogi-Berriri eta Tolosako Udalari zein babesle guztiei bere laguntza txapelketa aurrera eramateko, eta gogora ekarri du «Euskal Herrian egiten den pilota txapelketa onenetakoa» dela.

Guztira 24 bikote ariko dira lehian, erdiak elite mailan eta beste erdiak 1. mailan. Eskualdeko zortzi pilotari ariko dira: elite mailan Irazustabarrena alegiarra, Alberdi zizurkildarra, Labaka albizturtarra, Erasun zizurkildarra, Elola bidaniarra eta Aizpuru asteasuarra, eta 1. mailan Gabirondo gazteluarra eta Altuna tolosarra. Maila bakoitzean hiru bikoteko lau multzo egin dira. Multzo bakoitzean zerrendaburu bat dago, eta beste biek elkarren artean kanporaketa jokatzen dute; irabazten duenak zerrendaburuaren aurka jokatuko du, eta partida hori irabazten duenak finalerdietara iritsiko da.

Partidak larunbatetan jokatuko dira, igande honetan jokatuko den lehen jardunaldia eta abenduaren 8koa (ostirala) izan ezik. Finalerdiak abenduaren 17an eta 23an jokatuko dira eta finalak abenduaren 30ean izango dira. Jardunaldi guztiak 17:00etan izango dira. Igande honetan, beraz, izango da lehen jardunaldia, eta bertan 1. mailako partidan Hormaetxe-Landa eta O. Etxeberria-Albeniz elkarren aurka ariko dira, eta elite mailan Arteaga-Irazustabarrena eta Alberdi-Uriondo.

Argazkiak: Iñigo Royo eta Tolosaldeko Ataria

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!