Salatu dute Lasa eta Zabala oraindik ez dituztela aitortu biktima gisa

Ataria 2023ko urr. 9a, 11:58

Tolosaldeko hainbat herritar Busoten izan dira asteburuan, Lasa eta Zabalaren erailketaren 40. urteurreneko oroimen ekitaldian. Egiari Zor Fundazioak antolatu du ekitaldia, hain justu bi tolosarren gorpuzkiak aurkitu zituzteneko lekuan.

Aurten, 40 urte beteko dira Guardia Zibilak Joxean Lasa eta Joxi Zabala tolosarrak Baionan bahitu, Donostian torturatu, hil eta Alacanteko Busot herrian (Herrialde Katalanak) lurperatu zituela.Urteurrenaren testuinguruan, Egiari Zor Fundazioak omenaldia antolatu zuen bi tolosarrak gogora ekartzeko, gorpuzkiak aurkitu zituzten lekuan, Busoten. Ekitaldian, senideak, lagunak eta Busoteko herritarrez gain, hainbat ordezkari politiko izan ziren. Pili Zabala Joxi Zabalaren arrebak eta Axun Lasa Joxean Lasaren arrebak hitz egin zuten, era berean. «Estatuak hurbilketa zintzoa» egiteko eskatu zuen Zabalak, han gertatutakoa aitortzeko eta haren neba eta Lasa «biktimak» direla onartzeko. Azaldu zuenez, algarroboaren bidez «etorkizun baketsu bat» irudikatu nahi izan zuten. 

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok esan zuen, bere aldetik, «espainiar estatuko gorputz parapolizialen indarkeria jasan zuten bi tolosarrak gogora ekartzeko» gerturatu zirela Busotera, baita senide eta gertukoei babesa eta maitasuna azaltzeko ere.

 

Era berean, Egiari Zor-ek X sare sozialean salatu zuen gaur-gaurkoz Lasa eta Zabala ez dituztela aitortu «terrorismoaren biktima» gisa. Eta Espainiako Gobernuari dei egin zion «estatu terrorismoak eragindako giza eskubideen urraketa guztien erantzukizuna» bere gain har dezan eta «eragindako mina» aitor dezan. Fundazioaren arabera, beharrezkoa da Sekretu Ofizialen Legeak babesten duen dokumentazioa argitara ateratzea: «Giza eskubideen kontrako jarduerak sekretupean gordetzea biktimei eskubideak ukatzea eta estatu bortxa legitimatzea da».

Lasa eta Zabalaren erailketaren 40. urteurrena dela eta, Egiari Zor Fundazioak Lasa eta Zabala filma proiektatuko du Tolosako ikasleentzat bihar, 10:00etan Leidorren. Ostean, Martxelo Otamendi kazetari eta Berria-ko zuzendari ohiak Axun Lasa eta Pili Zabala senideen arteko solasaldia gidatuko du. Egiari Zor-ek ekitaldiaren «eragin positiboa» azpimarratu du: «Horrelako egitasmoek agerian uzten dute errealitate horren harira babestu egin behar dugula gizarte gisa, etorkizunean berriz horrelakorik gertatu ez dadin». Urriaren 20an egingo dute azken ekitaldia, Tolosako Topic aretoan, 19:30ean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!