Tolosako Usabal kiroldegiko langileen greba

«Langile bakoitzak errespetua eta duintasuna merezi ditu lanean»

Ataria 2023ko urriaren 5a

Greban dauden Usabal kiroldegiko langileek deituta, manifestazioa egin dute Tolosan.

Manifestazioaren bukaeran langileek testu bat irakurri dute, eta bost hilabetez greban daudela ekarri dute gogora: «Gaur bost hilabeteko borroka, erresistentzia eta elkartasuna markatzen dituen eguna da. Greban gaude, herria sufritzen ari dela jakitun. Baina badakigu baita ere, langile guztiek, beren postua kontuan hartu gabe, merezi dutela beren lan-eskubide eta baldintza justuen alde borrokatzea».

Azken hilabeteetako «borroka» ez dela erraza izaten ari gaineratu dute: «Baina zutik gauden egun bakoitzean gure konpromisoa eta erabakia indartu ditugu. Badakigu geure buruaren alde ez ezik, oraingo eta etorkizuneko belaunaldi guztien alde ari garela borrokan, gure hobekuntzak Tolosaldea guztiko zerbitzuan eraginez. Oinarrizko printzipio bat defendatzen ari gara: langile bakoitzak errespetua eta duintasuna merezi dituela lanean».

Eskerrak ere eman dituzte babesa ematen ari direnei: «Greba honetan irmo gauden guztiei, kanpotik babesten gaituzuenei eta lan-justizian sinesten duten guztiei bihotz-bihotzez eskertzen diegu». Bide batez, manifestaziora joan direnei eskerrak eman dizkiete, eta espero dutela «irtenbide batetara laster iristea» azaldu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!