Bi partida irabaziz eta beste bi galduz hasi dute denboraldia

Imanol Garcia Landa 2023ko urr. 5a, 11:59

Tolosa CF-ren 3. RFEF mailako taldeko jokalariak, bigarren jardunaldiko partida irabazi eta gero.

Futboleko 3. RFEF mailako Tolosa CF taldearen denboraldi hasiera «nahiko txukuna» izaten ari dela azaldu du Raul Camarero entrenatzaileak.

Tolosa CF klubaren futboleko emakumezkoen lehen taldearen mailari izena aldatu diote denboraldi honetan, eta 1. Maila Nazionala izatetik 3. RFEF izatera pasa da. Dagoeneko lau partida jokatu dituzte eta horietatik bi irabazi eta bi galdu dituzte. Egun, bederatzigarren postuan dago taldea. «Denboraldi hasiera nahiko txukuna izaten ari dela esango nuke», esan du Raul Camarero entrenatzaileak. «Nahiz eta bi partida galdu, nik uste dut maila ona erakusten ari garela eta ondo lehiatzen ditugula partida guztiak. Taldea oso ondo entrenatzen ari da eta alde horretatik oso pozik nago».

Aldaketak izan dituzte, hainbat jokalarik utzi baitute taldea. «Horietatik bakarrak segitzen du futbolean beste talde batean. Beste guztiek futbola utzi dute kanpora joan direlako ikastera, lanagatik edo urte dezente eman dutelako futbolean eta beste bide bat egitea aukeratu dutelako», zehaztu du Camarerok. Bestalde, bost fitxaketa egin dituzte denboraldirako: Irantzu Albizuri (San Ignacio), Lorea Rueda (Anaitasuna), Marta Arregi eta Maria Revilla (Goierri Gorri) eta Leyre Holgado (Añorga). Horrez gain, Alaitz Varela bueltatu da taldera aurreko denboraldi erdia Greziako lehen mailan jokatu eta gero. Azkenik, bigarren taldetik ere jokalariak igo dira. «Taldea gaztetu egin da aurten, baina ilusioz beteriko talde bat sortu dugu», esan du entrenatzaileak.

Teknikari taldean ere aldaketak izan dira. Asier Galdeano atezainen entrenatzaile eta bigarren entrenatzaile lanetan ari da, eta Patricia Larrarte dabil prestatzaile fisiko lanak burutzen. Aurretik dagoen Lander Mujika fisioterapeutak osatzen du taldea.

TALDEAK JOKATZEN GOZATZEA

Denboraldi honetako helburuez galdetuta, Camarerok azaldu du ez zaiola gustatzen helburu zehatz bat jartzea: «Denboraldian zehar gorabehera asko egoten dira eta horrek markatzen dizu nondik nora ibiliko zaren. Denboraldi honetan, gustatuko litzaidake taldea kategoria honetan jokatzen gozatzen ari dela ikustea. Nik uste dut lana ondo egiten ari garen seinale ezin hobea izango litzatekeela hori».

Talde bakoitzak normalean bere identitatea edukitzen duela gaineratu du entrenatzaileak. «Ni saiatzen naiz nire taldea, besteak beste, sendoa izatea, lan handikoa, partida bizi duena, bere areatik urrun jokatzen saiatzen dena eta baloiari tratu ona ematen diona». Partidak planteatzeko garaian aldaketak egon daitezkeela zehaztu du: «Hainbat faktore sartzen dira jokoan erabakia hartu aurretik».

Asteburu honetan San Ignacioren aurka jokatuko dute. «Joko nahiko zuzena egiten dute, eta eskarmentu eta kalitate handiko jokalariak dituzte», esan du.

Usabal kiroldegia itxita dago, eta taldeak entrenatu eta jokatu Alegian egiten du. «Egoera oso arraroa da», esan du Camarerok. «Zelaia erabat ezberdina da, entrenatzeko materiala oso mugatua, aldagelarik ez dugu entrenamendu egunetan, horrek dakarren ondorioekin, materiala eta baloiak autoko maletategian izaten ditugu eta etxeko partidak etxetik kanpo jokatzen ditugu. Alde horretatik gogorra izaten ari da. Negua iristerakoan ez dakit nola moldatuko garen...».

Aurreko denboraldia hasi eta gero iritsi zen Camarero taldera: «Erronka gogorra eta zaila izan zen, baina polita aldi berean. Taldea hartu nuenean, nahiko egoera larrian zegoen. Kalitatea bazuen taldeak baina psikologikoki oso ukituta zegoen, aldaketa bat behar zuten. Lanean hasi ginen eta nahiko azkar lortu genuen jarrera aldaketa. Hortik aurrera lan talde bikaina sortu genuen eta dena errazago izan zen». Maila mantentzeko helburua lortu zuten eta «oso harro» dago Camarero taldeak egin zuen lanarekin.

Denboraldi honen prestaketa ezberdina izan dela dio entrenatzaileak: «Jokalari gehienak ezagunak dira, aurkariak ere gehiago ezagutzen ditut eta taldea prestatzeko denbora gehiago izan dut. Aurreko denboraldian falta zitzaidan denbora hori, aurten badaukat. Alde horretatik lasaiago nago».

Asier Galdeano, Raul Camarero, Lander Mujika eta Patricia Larrarte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!