Lasa eta Zabala lurperatu zituzteneko Busotera irteera

Ataria 2023ko urr. 4a, 15:00

Larunbat goizean abiatuko da autobusa Tolosako Usabaleko aparkalekutik eta, eguerdian, ekitaldia egingo dute Busoten.

Aurten lau hamarkada betetzen dira Joxean Lasa eta Joxi Zabala GALek bahitu, torturatu eta erail zituenetik, eta urteurrenaren harira Busotera (Alacant, Herrialde Katalanak) irteera antolatu du Egiari Zor Fundazioak «Aitortza, egia eta ez errepikatzeko bermea» lelopean. Larunbat honetan, 04:30ean abiatuko da autobusa Usabal aparkalekutik eta 13:30ean ekitaldia egingo dute Busoten. Autobusean izena eman nahi duenak idatzi edo deitu egin beharko du 666 073 406 telefono zenbakira.

Ezbeharraren hurrenkera
Lasa eta Zabala 1983an bahitu zituzten Baionan, eta Donostiako La Cumbre jauregira eraman zituzten. Oraingoz jakin ez dena da zenbat egunez galdekatu eta torturatu zituzten, ez eta zenbat egunez eduki zituzten jauregi hartan; horrez gain, ez da jakin noiz eta nola eraman zituzten Alacantera, ez eta tartean beste norabait eraman zituzten ere.

Ez zen haien aztarnarik izan 1983ko urritik 1994ko abendura arte. Baina bi gazteen gorpuak ordurako agertuak ziren. 1985eko urtarrilean topatu zituen ehiztari batek, eta Guardia Zibilari eman zion aurkikuntzaren berri; ikerketarik gabe artxibatu zuten auzia. Epaileak ere berehala artxibatu zuen kasua, hildakoak identifikatu ezinda kasurik ez zegoelakoan.

Auzi mediku bati esker mantendu ziren gorpuzkiak baldintza onetan. Autopsia egin eta haien atzean «zerbait larri-larria» ezkutatzen zela iritzita, gordetzeko agindu zuen; hamar urtez egon ziren Alacanteko hilerrian.

1995eko martxoaren 22an jakinarazi zen Lasa eta Zabalaren gorpuak agertu zirela Alacanten. Albistea zabaltzerako, Francisco Etxeberria auzi medikuak egina zuen bigarren autopsia. Hark baieztatu zuen haienak zirela Busoteko bi gorpuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!