Hodeiertz koruaren  emanaldi berezia,  Abesbatza Lehiaketan

Ataria 2023ko urr. 5a, 09:59

Zaragozako Teselas taldea.

Tolosako abesbatzaren 40. urteurrenaren barruan, kontzertua eskainiko du urriaren 28an; bestalde, Kantik Ahots musika zikloan Teselas abesbatza ariko da larunbatean San Frantzisko elizan.

Hodeiertz abesbatza 40. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta urtemuga horrek bere isla izango du datorren urriaren 28an, Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren egitarau barruan antolatutako kontzertu berezian. Bertan bilduko dira 40 urteko historian bidean lagun izan dituen hainbat musikari, eta gainera, gonbidapen berezi bat luzatu zaie denbora horretan abesbatzako kide izan diren guztiei, beraiek ere aukera izango baitute kontzertuan kantatzeko. Horretarako abesbatza.hodeiertz@gmail.com helbidera idatzi behar dute. 

Urteurrena ospatzen ari badira ere, ez dute alde batera utzi urteroko jarduna eta Kantik Ahots musika zikloa antolatuko du berriz ere. Aurtengoa bosgarren edizioa izango da eta bi kontzertu bilduko ditu. Lehena joan berri den irailaren 30ean izan zen, Beasaingo Loinatz abesbatzaren eskutik. Hurrengo hitzordua, berriz, larunbatean izango da: San Frantzisko elizan Zaragozako Teselas taldea izango da entzungai 20:15etik aurrera.

Teselas oso abesbatza gaztea da, 2021ean sortua, baina kide guztiak eta Javier Garces Paris zuzendaria eskarmentu handiko musikariak direla esan du Hodeiertzek. Horri esker Meridako Antzerki Klasikoaren 69. Jaialdiko inaugurazioan kantatzeko aukera izan berri dute. Abesbatzak egitarau aberatsa prestatu du Tolosan emango duen kontzerturako, hasi Monteverdiren madrigaletatik (Errenazimenduaren eta Barrokoaren artean kokatua) eta XX. mende amaierako musika garaikidera iritsi bitartea. Tartean keinu egingo diete bai euskal konpositoreei eta baita Aragoiko folkloreari ere. «Argi dago, beraz, hurbildu nahi duen edonork ez duela aspertzeko aukerarik izango».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!