Tolosa hobetzeko 392 proposamen

Ataria 2023ko urr. 4a, 08:54

Duela bi aste hasi zen aurrekontu parte hartzaileen prozesua eta tarte horretan ia 400 eskaera jaso ditu udalak. Proposamen horiek teknikoki eta ekonomikoki aztertuko dituzte orain eta hilaren 30ean informazio saioa egingo dute.

Tolosako 2024ko aurrekontua osatzeko abiarazitako parte hartze prozesuaren lehen fasea amaitu berri da. Hain zuen, duela 2 aste ekin zitzaion aurrekontu parte hartzaileen prozesuari eta denbora tarte horretan, Tolosa hobetzeko ekarpen eta proposamenak egin ahal izan dituzte 16 urtetik gorako herritarrek, aurrez aurre zein online. Udalak esan du parte hartze kopuruari erreparatuz, iaztik hona asko handitu dela jasotako ekarpen kopurua. Zehazki 392 izan dira herritarrek egindako proposamen eskaerak, 123 aurrez aurrekoak eta 269 internet bitartez egindakoak. Pasa den urtean 213 eskaera jaso ziren.

Azterketa teknikoaren eta ekonomikoaren txanda

Orain, hilabete amaiera bitarte, jasotako proposamen eskaera guztiak aztertuko dituzte, eta teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak direnak bozketa fasera pasako dira. «Izan ere, aurten, handiagoa izango da herritarren erabakimena prozesu honetan: alde batetik, parte hartze bidez erabakiko den aurrekontua handitu da, 500.000 eurora. Eta, bestetik, tolosarrek zuzenean erabakitzeko eskumena izango dute». 

Hori horrela, azterketa tekniko-ekonomikoa amaitutakoan, herritarrek egindako proposamenen artetik gogokoenak hautatu eta udal aurrekontuaren 500.000 euro horiek zein proiektuetara bideratu erabakiko dute. 

Horretarako, irizpideak betetzen dituzten proposamen guztiak urriaren 30ean argitaratuko dituzte, eta egun horretan abiatuko da bozketa fasea. Egun horretan bertan, halaber, informazio saioa egingo du udalak egindako lanketaren eta bozketa fasera pasa diren proposamenen berri emateko. Ondoren, azaroaren 5era arte izango da proposamenak bozkatzeko aukera eta behin epe hori igarota, bozka gehien jaso duten proposamenak, hurrenkeraren arabera eta diru poltsa mugaren barruan, 2024ko udal aurrekontuan txertatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!