Asun Garikano hizkuntzalari tolosarra euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Ataria 2023ko ira. 29a, 18:03

Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 10 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia. Asun Garikanok Patxi Goenagaren hutsartea beteko du Euskararen Akademian. Euskaltzain oso berriak zortzi hilabeteko tartea izango du sarrera-hitzaldia paratzeko.

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Goenaga emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Asun Garikanok erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Uztailean amaitu zen hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek uztailaren 21ean Akademiaren egoitzan egin zen Osoko bilkuran, eta gaurko bilkuran Garikano izendatu dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo zaio.

Asun Garikano Iruretagoiena (Tolosa, 1962). Euskal Filologian lizentziatua. Gasteizko IRALEko irakasle eta Eusko Jaurlaritzako EIMAko kide izandakoa. Ameriketako euskaldunei buruzko bi libururen egilea: Far Westeko Euskal Herria (Pamiela, 2009) eta Kaliforniakoak 1533-1848 (Pamiela, 2013). Itzultzaile gisa, ingelesetik euskarara itzuli ditu Robert Louis Stevensonen, William Faulknerren, John Steinbecken, Patricia Highsmithen eta beste zenbait egileren lanak; euskaratik gaztelaniara, berriz, Bernardo Atxagaren obra guztiak. Edizio-lanaren arduradun izan da Garziarena aldizkarian (1992-1994) eta Euskaltzaindiaren Erlea aldizkarian (2009-2016). Halaber, Bernardo Atxagaren euskarazko eta gaztelaniazko obra guztien edizioaz arduratu da. Gaur egun, Euskaltzaindiak aurten bertan abian jarritako Testu-bankua proiektua gidatzen du. Hezkuntza-komunitateari zuzendutako egitasmo horrek curriculumaren euskal dimentsioarekin lotutako testu hautatuak eskainiko ditu, gaurkoak eta atzokoak, lau ataletan banatuta: Historia, Hizkuntza, Literatura eta Gaurko Gizartea.

1918tik 2023ra, 99 euskaltzain oso

Gaur egun, 24 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 143 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 99 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.

Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, hogeita lau: 14 gizonezko eta 10 emakumezko): Ana Toledo, Asun Garikano, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Urrutia, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Mikel Zalbide, Miriam Urkia, Jean-Baptiste Coyos, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Roberto González de Viñaspre eta Sagrario Aleman.

Eta hauexek dira egungo emerituen izenak (guztira, hamar): Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Patxi Goenaga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!