Nerabeek udal eraikin eta saltokietako mugikorrak erabiltzeko ekimena jarri dute martxan Tolosan

Ataria 2023ko ira. 28a, 18:00

Altxa Burua! guraso elkarteak, mugikorra erabiltzeko beharra murrizteko ekimen aitzindaria jarri du martxan Tolosan, 'Geurea erabili dezakegu' lelopean.

Haur eta nerabeek pantailetatik burua altxatzea eta lehen gailua eskuratzeko adin hori atzeratzea da Altxa Burua! Guraso Elkartearen helburua. Ardura horretatik abiatuta sortu zuten Tolosako Samaniego, Herrikide eta Laskorain ikastetxeetako gurasoek elkartea, eta, geroztik, ekintza ugari antolatu dituzte. Azkena izan da eguerdian aurkeztu duten Geurea erabili dezakegu ekimena.

Gurasoei eta haurrei «bidea erraztu» nahi dietela aipatu du Orkatz Goenaga Altxa Burua! guraso elkarteko kideak. Horretarako, ekimenarekin bat eginez, Tolosako Udalak pegatina identifikagarriak diseinatu ditu, eraikin publikoetan eta proiektuarekin bat egin duten saltokietako erakusleihoetan jartzeko.

«Haur, nerabe zein gazteek udal eraikin edo komertzio batean pegatina hori ikusten dutenean jakingo dute, inolako azalpenik eman behar izan gabe, bertako telefonoa erabili ahal izango dutela behar duten dei hori egiteko», azaldu du Goenagak.

Elkar zaintza

Horrez gain, ekimena gurasoei haurrengan duten beldurra kentzeko balio izango diela ere esan du, «jakin dezaten badagoela komertzio oso bat eta herri oso bat behar duen haur edo nerabe horri, une jakin batean, laguntza eskaintzeko».

Bestalde, esker hitzak izan ditu Tolosako Udalarentzat, hiru ikastetxeentzat eta herriko merkatarientzat, «ekimen honek balorean jartzen du egiten duten lana, eta horrek ez du pegatinarik behar". Era berean, ekimena saltokietan «pozik» hartu dutela adierazi du Garbiñe Mozo Saberriko arduradunak: «Beti gaude herritarroi laguntzeko prest, eta honekin gehiago laguntzen badugu, gure aldetik pozik».

Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak ere gurasoen eta saltokien jarrera eta inplikazioa txalotu ditu: «Egitasmoa gurasoek sortu eta garatu dute, eta eskertzekoa da. Herriko komertzioen parte hartzea ere ezinbestekoa da eta proiektu honek agerian uzten du komertzio txikien indargune nagusi bat: gertutasuna eta herritarrekiko inplikazioa. Horrek guztiak komunitatea izaera indartzen du, elkar zaintza sustatuz».

Lankidetza sarea ehunduz

Herriko saltokien inplikazioa bultzatuz, lankidetza sarea ehuntzea du helburu Altxa Sarea! guraso elkarteak. Horretarako, tolosarrak sentsibilizatu nahi dituzte eta gaiarekiko ardura hori inguruko herri zein herrialdeetara zabalduko dutela adierazi dute, «haur zein nerabeek mugikorrak egiten duten erabileraren inguruko hausnarketa pizteko».

Horregatik, datozen urratsen artean tabernak, jatetxeak, liburutegiak, kiroldegiak eta bestelako zerbitzuen inplikazioa lortu nahi du elkarteak, teknologia berritzaile hauen erabilera arduratsua sustatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!