ERREPORTAJEA

Garai bateko paperezko isladak ikusgai

Jon Miranda Labaien 2023ko ira. 30a, 07:59

Tolosako 3 tabernan 25 kartel jarri dituzte ikusgai, guztiak Laborde eta Labayen lantegian 1927 eta 1943 urteen artean egindakoak; motibo ezberdineko kartelak dira, XX. mendearen lekukotza ematen dutenak.

Euskal Herriko arte grafikoetako enpresa garrantzitsuenetakoa izan zen Tolosan kokatutako Laborde eta Labayen. Liburuak, litografiak, postalak, albumak, egutegiak, festen egitarauak, kontserba etiketak eta kartelak inprimatu zituzten bertan. 1974. urtera arte egon zen martxan eta aurreko mendean lantegian inprimatutako 25 kartel ikusgai daude Tolosako 3 Tabernan.

Gorka Santamaria arte bildumazalearen jabetzakoak dira eta hark utzita ekarri dituzte Tolosara. «Ez dut nire marka zabaldu nahi eta erakusketa ez dago antolatuta kartelak saltzeko, tolosarrek euren historiaren parte bat ezagutu dezaten baizik», esan du Santamariak. Ehun urte baino gehiagotan jardun zuen arte grafikoko enpresak eta arrasto handia utzi zuela uste du bildumazaleak. «Tolosa, Errenteriarekin batera, arte grafikoen arloan erreferente zen, tenplu moduko bat. Paper fabrika garrantzitsuenak ere hemen zeuden eta horrek bultzatuta garrantzia handia hartu zuen Laborde eta Labayen enpresak». Garrantzia horretaz jabetuta zegoen Patxi Egilaz 3 Tabernako arduraduna, eta horregatik egin zuen harremana Santamariarekin, «kartel horiek erakusteko aukera ote zegoen jakiteko». Baiezkoa jaso eta horrela antolatu dute irailaren 13an inauguratutako erakusketa. Joan den irailaren 16an, gainera, bisita gidatua egin zuen Santamariak kartelen historia ezagutzera emateko.

Jatorri «bitxia» dute kartel horiek. Lantegia itxi ondoren bertan aritutako langileren batek Bixente Ameztoi eta Jose Luis Zumeta artistei esan zien garai bateko kartelekin osatutako pakete mordoa geratu zela barruan. «Ez dakit elkarrekin joan ziren edo banaka, ez dakit egun bakar batean edo behin baino gehiagotan, baina lantegira sartu eta sorta bat berreskuratu ahal izan zuten», aipatu du arte bildumazaleak. Kartel horien berri, lehenengoz, Tolosako El Veintiuno jatetxean izan zuen Santamariak. Urte luzetan Laborde eta Labayeneko sei kartel egon ziren jarrita Agintari kaleko jatetxean. Taberna eskualdatzerakoan El Veintiunoko arduradun Mercedes Ameztoik Santamariari saldu zizkion sei kartelak. Gerora, Virginia Montenegrok, Bixente Ameztoiren alargunak, bildumazalearen esku utzi zuen beste sorta bat. 40 inguru jasota dauzka Santamariak Donostiako Rincon del arte dendan. «Ez daude zintzilikatuta, ez daude muntatuta, jende gehienak ez daki hemen daudenik. Hala ere, erosi nahi dituenarentzat salgai daude».

Egin duen aukeraketaz galdetuta Santamariak esan du Tolosa «beltza» erakutsi nahi izan duela 25 kartelekin: «Beste Tolosa hori, alegia, gerratearena eta erlijioarena, ez Tolosa argi, udatiar eta polit hori». Bildumazalearen hitzetan balio artistikoa baino gehiago dute balio historikoa dokumentuok. «Testigantza gisa balio dute eta aurreko mendearen panoramaren berri ematen digute». 1927 eta 1943 urteen artekoak dira erakusgai dauden kartelak.

Gaitegiaren aldetik begiratuta, askotarikoak topa daitezke erakusketan: zaharrenak, kartel erlijiosoak dira, gerraurrekoak; Donostia eta Zarautzen berri ematen duten kartel turistikoak ere ikus daitezke; baita komertzialak ere, Chiquilin gaileta markakoak edota Tolosa SAM enpresan egiten zen paperaren ingurukoak; propaganda politikorako kartelak ere jarri dituzte tabernan.

Hain zuzen, erakusketan ikusgai dagoen lanetako bat da 1933ko Lizarrako Estutuaren aldeko kartela. Jon Zabalo Ballarin Txiki marrazkilari eta irudigileak egindakoa da. «Tolosarekin ere izan zuen bere lotura, Ixaka Lopez Mendizabalekin lan egin baitzuen, eta besteak beste, silabarioak ilustratu zituen, baita Xabiertxo liburua ere», esan du Santamariak. Txiki bezala kalitate handiko beste hainbat marrazkilari ere aipatu ditu bildumazaleak, Tolosa bertako Carlos Landi Sorondo, esate baterako.

«Laborde eta Labayenen topo egin zuten litografoak maila handikoak izan ziren. Arte grafiko arloko langileek euren sindikatu propioa zuten eta esan daiteke sindikalismoaren aristokrazia zirela. Uste dut lantegi horretako benetako altxorrak bertako langileak izan zirela baina, zoritxarrez, haien sinadurak ez dira inon geratu. Gerraondoan horietako askoren sinadurak ezabatu egin zituzten».

Erakusketarako kartelak aukeratzerako garaian litografo horien mostra bezala, oso biografia ezberdina izan zuten bi aukeratu ditu Santamariak: Juan Cabanas Erauskin eta David Alvarez Flores. «Cabanas Erauskin Espainiako lehenengo falangistetako bat izan zen. Juan Cabanas Oteiza asteasuar pintorearen semea zen, Tolosara umetan etorritakoa. Erroman egin zituen ikasketak eta handik bueltatzerakoan falangista bihurtu zen. Berak eman zion forma definitiboa falangearen ikurrari eta mugimenduaren lehen prentsa eta propaganda zuzendaria izan zen. Euskadiko armarri berria ere berak sortutakoa da», dio bildumazaleak. Cabanas Erauskinek egindako pare bat kartel ikusgai daude 3 tabernako erakusketan.

Harekin kontrapuntuan, David Alvarez Flores litografo tolosarra aipatu du Santamariak. «Oso ona zen», nabarmendu du. «Aitak erakutsi zion ofizioa eta lan onak egin zituen. Sindikalista izan zen gaztetatik eta 1934an Madrilera joan zen bizitzera. Bertan ezaguna egin zen, faxisten aurkako batailoiekin borrokatu zelako. 1940an fusilatu egin zuten». Alvarez Floresen lau kartel erakusgai daude Tolosan, tartean dira bi litografia artistiko txiki.

Gerrak ere utzi zuen bere arrastoa Laborde eta Labayen lantegian. Litografo askok erbestera joan behar izan zuten eta haiek ordezkatzera Madril aldetik beste langile batzuk ekarri zituzten. «Gipuzkoa oasi modu bat izan zen gerra ondorenean, eta hemen inprimatu ziren estatu mailako garaiko aldizkari garrantzitsuenak».

Aipatu bezala, kartel gehienak ez daude sinatuta eta ez dago zehatz jakiterik zeinek eginak diren. Hori bai, ia denek dute Graficas Laborde Labayen Tolosa sinadura jarrita. «Letra eta neurri berean ageri dira hizki guztiak, Tolosa bera markaren parte balitz bezala agertzen da. Kontuan hartu behar da kartel hauek zabalkunde handia zutela, estatu osora zabaltzen ziren garai hartan», esan du Santamariak.

Urriaren 25era arte ikusgai izango da erakusketa hau Tolosako 3 tabernan, XX. mendeari kartelen bidez errepasoa emateko aukera ematen duena.

 

XX. mendearen errepasoa karteletan

Tolosako Laborde eta Labayen lantegian inprimatutako 25 kartel ikusgai dira Tolosako 3 tabernan. 1927 eta 1943 urteen artean egindakoak dira eta gai ezberdinak lantzen dituzte. Urriaren 25era arte egongo dira bertan ikusgai.

 

AITORTZA LANGILE MUGIMENDUARI

 

Tolosako 3 tabernan beti izan dute memoria historia berreskuratzeko gogoa. «Tabernak bera jarduna du, baina keinu bat egin nahi izan diogu, bereziki, langile mugimenduaren historiari», aitortu du Patxi Egilaz arduradunak. Ez da kasualitatea, tabernaren kokalekua, garai bateko Tejidos la Pirenaica fabrikaren atzeko patioan zegoen tokian baitago. «Tokillen fabrika esaten zitzaion. Gerora 60ko hamarkadan irin lantegia egon zen bertan eta beranduago galdaragintza enpresa».



Hain zuzen, Tolosan bere garaian izandako langile mugimenduari aitortza egin eta lantegi horietako batzuk aipatuz horma-irudia margotu zuten ekainean tabernaren atzealdean. Zati batean, Tejidos La Pirenaicako lantegi barruko irudi bat geri da, eta beste partean berriz, Tolosako La Esperanza paper fabrikako eszena bat. «Txitxi Orbegozo Rezolak diseinatu zuen horma-irudia eta margotze lanetan beste hainbat artistek hartu zuten parte. Eguberrietan hemen egiten dugun arte azokaren inguruan biltzen diren artistak dira», esan du Egilazek. Miren Gonzalez Goikoetxeak, Idoia Elosegi Urteagak, Miren Atxaga Arnedok, Oihana Iriarte Ugartek, Carmen eta Silvia Mateo Orusek, Arantza Munita Irisarrik eta Maite Larraza Aizpuruak margotu zuten horma-irudia. Lana osatzeko, laster, Silvia Mateo Orusek osatu duen olerkia erantsiko dute hormaren parte batean: «Horma honetan diraute / noizbait izan zirenak / gaur toki nabarmenak / merezi baitituzte. / Langile jende xumea / emakumearen adorea, / bizipoza islatzen duen / artilearen kolorea. / Herritar haiekin zorra / kitatu dugu horrela, / nola eskertu bestela / bidea ireki izana / haien kemena eta lana... / Gorde beharreko altxorra / izaten da iragana».



3 tabernaren bueltan badaude horma gehiago pintatzeko eta aurrera begira horiek betetzeko gogoa badutela aitortu du Egilazek. «Proiektu handiagoa litzateke hori eta bizilagunekin edo udaletxekoekin hitz egin beharko genuke. Dena den, uste dut merezi duela keinu hori egitea langileriari. Tabernaren aldamenean dagoen plazak, adibidez, ez du izenik eta polita litzateke izena aukeratzerakoan lantegi horiekin guztiekin akordatzea».

Bien bitartean, memoria historikoarekin loturiko liburuak bilduz txoko bat zabaldu dute 3 tabernan. «Inork etxean libururen bat balu ekartzera gonbidatzen dugu, jendeak hemen kontsultatu eta gure historia parte bat jakin dezan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!