Xake piezak berriro mugituko dituzte Tolosan

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 28a, 07:59

Jokin Mendia eta Mikel Aretxaga.

Tolosako Enroke Xake Kluba sortu dute eta kultur etxean elkartuko dira ostiralero. Urriaren 6a izango da lehenengo eguna eta xake zaleei bertara joateko gonbita egin diete.

Tolosak berriro izango du xake elkarte bat. Tolosako Enroke Xake Kluba jarri dute martxan eta ostiraletan hasiko dira biltzen kultur etxean. «Aurretik Tolosako Xake Elkartea zegoen eta 2015ean desagertu zen. Tolosan xakea bultzatzeko sortu dugu kluba», azaldu du Mikel Aretxaga klub berriaren bultzatzaileak. Zein izen jarri pentsatzen aritu ziren, eta azkenean Tolosako Enroke Xake Kluba jartzea erabaki zuten.

Laskorain Ikastolan klaseak eman dituzte, eta 45 ikasle inguru izan dituzte, baina DBHra joaterakoan xakeko eskaintzarik ez zegoela konturatu ziren. «Hor ikusi genuen beharra zegoela, herriak xakean aritzeko zein ikasteko leku bat izateko, eta hortik aurrera pentsatu genuen klub bat sortzea, eta pixkana joan gara pausoak ematen», esan du Jokin Mendia xake klub berriaren bultzatzaileak.

Lehen hitzordua urriaren 6an izango da. 17:30ean elkartuko dira, eta 19:00ak arte iraungo du saioak. «Lehengo asmoa da kluba martxan jarri eta ikustea zenbat jende etortzen den», esan du Aretxagak. «Xakearekin interesa duen edonor etor dadila. Xakea ikasi edo maila hobeto nahi badu, edo norbaiten aurka jokatu nahi badu, etor dadila eta joango gara antolatzen».

Edozein adinetakoei zuzenduta dago deialdia, baina haur oso txikientzat ez dela izango diote. «Sei urtetik beherakoentzat ez dugu ikusten egokia», zehaztu du Mendiak. «Piezak nola mugitzen diren ez du jakin beharrik, baina bai matematikako oinarrizko kontzeptu batzuk. Adibidez, gehiketak egiten edo diagonal bat zer den jakitea». Ez dela haurrei bakarrik zuzendutako kluba nabarmendu dute: «Badago jende heldua gustuko duena xakean jokatzea eta ez duena lekurik, eta beraiengan pentsatuta ere jarri da martxan kluba».

Tolosa bezala lehiaketetan parte hartzeko asmorik ez dute oraingoz. «Pixkana hasi nahi dugu eta etorkizun batean maila dagoela ikusten badugu, agian animatuko gara lehiaketetan parte hartzen», zehaztu du Aretxagak. Klubak berak bai antolatuko dituela txapelketa irekiak, nahi duten parte hartzaileentzat. Lehenengoa Berazubi auzoko festen inguruan izango da, urriaren 12an. Bestalde, Larramendi auzoko festa batzordearekin batera beste ekitaldi bat antolatu nahi dute urriaren 29rako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!